BARAKALDO. Apirilaren 17tik, larunbata, urriaren 17ra, igandea, Barakaldoko kaleetan izozkia saltzeko bost postu jartzea onartu du Garapen Jasangarria eta Ingurune Naturala Arloko zinegotzi Alba Delgadok.

Nobedade gisa, beste produktu batzuk, hala nola, txurro-salmenta, foodtruckak (janari azkarra, aperitifak eta edariak) eta antzekoak ere onartu ditu udal arloak, ekonomia jarduerari laguntzeko.

"Orain arte, izozki-salmenta baino ez zen onartzen postu horietan, baina iazko pandemiaren ostean ohartu ginen ez zela erraza aipatutako lekuetako zenbaitetan postua jartzeko pertsona edo enpresa interesatuak aurkitzea. Horregatik erabaki dugu aurten malguagoak izatea", argudiatu du Garapen Jasangarria eta Ingurune Naturala Arloko zinegotzi Alba Delgadok.

Erabakiari esker, oraingo honetan, ez da Garapen Jasangarria eta Ingurune Arloak aipatutako produktu horietarako adierazitako bost leku horietako bat ere hutsik geratu.

Jende ugari igarotzen den lekuetan kokatuta daude postuak. Hauek dira: Askatasunaren etorbidea, Anaien parkearen parean; Balejo kalea, Gurutzetan; San Bizenteko Elizateko plaza; Euskadi etorbidearen eta Arteagagoiko kalearen bidegurutzea eta Norberto Acebal kalea, Retuertoko plazan.

Lanpostuen titularrek jabari publikoaren okupazio-tasa estaltzen duen zenbateko ekonomikoa ordaintzen dute, eta, gainera, hainbat baldintza higieniko-sanitario eta distantzia-baldintza bete behar dituzte oinezkoen joan-etorria errazteko. Covid-19tik babesteko aparteko arauak ere biltzen ditu udal baimenak.

Joan den martxoaren 17an abiarazi zuten postua adjudikatzeko prozedura, eta hil bereko 31n burutu zen. Kokapen bererako eskaera bat baino gehiago dagoenean, eskaintza ekonomikorik onena aurkeztu duenari ematen zaio postua, gainontzeko beharkizun guztiak betetzen baditu.