BARAKALDO. Barakaldoko Udalak martxan jarri berri du genero-indarkeriari aurre hartzeko hezkuntza programa bat. Amaia del Campo alkateak Lehen Hezkuntza ikasleei bideratuta egongo den ekimenaren aurkezpenean izan da.

"Martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatuko dugu, gizonezko eta emakumezkoen arteko erabateko berdintasuna lortu beharra ikusgaitzeko eguna. Eginkizun hori, ordea, urte osoan gauzatu beharra dago, eta desberdintasunaren arazoa errotik erauzten egin behar da ahaleginik handiena. Alde horretatik, azken sei urteotan, gaur aurkezten dugunaren gisako heziketa programak garatu izan ditugu ikastetxeetan, Lehen Hezkuntzako neska-mutikoentzat eta haien senideentzat", azaldu du Del Campok.

Martxotik hasita abiaraziko da Harreman osasungarriak egitasmo pilotua hiru ikastetxe barakaldarretako zazpi ikasgelatan, Lehen Hezkuntzako bosgarren eta seigarren mailetan. Harreman afektiboen ikuspegi positiboa emango duen programa bat da, harreman horiek osotasunez, aske eta modu osasungarrian gozatu ahal izateko, hainbat balio transmitituz, hala nola aniztasuna, kulturartekotasuna, berdintasuna eta errealitate sozial eta pertsonalen arteko errespetua. "Ikasleek beren burua ezagutzen eta onartzen ikastea da helburua, erabakiak beren kabuz hartu ahal izateko. Horrela, erabakiak hartu eta erabakitakoaren arabera jardun ahal izateko ahalduntzen ditugu, errespetua beti oinarri hartuta, zoriontsu izaten eta diskriminatuta ez sentitzen ikasiz", azpimarratu du alkateak.

HAUEK DIRA PROGRAMAK JORRATUKO DITUEN GAI NAGUSIAK:

  • Gorputzaren ezagutza antzekotasunak eta desberdintasunak gorputzetan, desberdintasunak bizitzaren etapa desberdinetan, zentzumenak, gorputzen bilakaera (pubertaro aurreko aldaketak eta nerabezarokoak).
  • Aniztasunarekiko jarrerak lantzea, klixeen analisia eta sexu-estereotipoak (lanbideak, etxeko lanak, jolasak eta jostailuak), autoestimua eta onarpena, afektuen adierazpena, sexualitateari buruzko informazio-iturriak aztertzea, ugalketa-sexualitateari buruzko ezagutzak lortzea.
  • Familia ereduak.
  • Interneten onurak eta eragozpenak (sare sozialak, sextinga...), eta ikasleek gai honen inguruan izan ditzaketen zalantza eta ziurgabetasunei erantzuten saiatzea.

PROGRAMAK 56 ORDU IRAUNGO DU GUZTIRA

Prestakuntza-tailerretan, hitzaldi-mintzaldiak emango zaizkie familiei, programaren helburu nagusiak azaltzeko, "baina, batez ere, familia bakoitzaren esperientziak entzungo dira, bere seme-alaben hezkuntza afektibo-sexualean inplikatu daitezen", adierazi du alkateak.

Irakasleekin egingo den lanean, berriz, gai horiek erraztasunez taxutzeko teknikak, taktikak eta baliabideak emango zaizkie, "harreman osasungarriak, berdintasuna eta sexuen arteko errespetua sustatuko duten hezkuntza-profesionalak prestatzeko", zehaztu du.

8 ordukoak izango dira familia eta irakasleekin egingo diren saioak, eta online egingo dira.

GENERO-INDARKERIARI AURREA HARTZEA

Genero-indarkeriaren aurkako borroka da Barakaldoko Udalaren helburuetako bat, eta hori gauzatzeko ildo estrategikoetako bat ikastetxeetan hezkuntza-programak sustatzea da. Horrela, bada, Harreman osasungarriak egitasmoak bat egiten du aurreko legegintzalditik hirian garatzen ari den Hezi, aurrea hartzeko proiektuarekin (azken ikasturtean 1.000 ikasle izan ditu) eta Sexu-aniztasunean oinarritutako Hezkuntza programarekin (ikasturte honetan 1.300 ikasle izango ditu) .

Bestalde, Berdintasunerako IV. Plana egiten hasi da Emakume Arloa, azken sei urteetan hirian egin den bigarrena. Plan berri hori herritarrekin parte hartzeko prozesu batetik sortuko da, eta Udalak berdintasunaren, genero-indarkeriaren aurkako borrokaren, erantzunkidetasunaren, gazteen arteko harreman osasungarrien eta abarren arloan garatuko dituen ildo estrategikoak ezarriko ditu.