BARAKALDO. Urtezahar gauean ohikoak izaten den pirotekniaren erabilera murriztea eskatu egin du Barakaldoko Udalak. Garapen Jasangarria eta Ingurune Naturala Arloko zinegotzi Alba Delgadok artefaktu horien erabilera apaltzeko deia egin du, eta pertsona eta animaliengan eragiten dituzten kalteak gogorarazi ditu.

"Suziriek, petardoek bengalek... Frogatuta dago kalte fisikoak eragiteaz gain, etxeko animaliei eta gizakiei kalte ere eragin diezaieketela pirotekniak sortzen dituen zaratek ¿batez ere adinekoei edo arazoren bat, hala nola autismoa dutenei, baina haurtxoei ere bai-.

Ordu murrizketek 00:30etik aurrera kalean pertsonak ibiltzea eragozten dutenez, Delgadok berariaz eskatu du kanpaikaden eta etxeratze-aginduaren arteko tartea ez dadila leherketen zurrunbilo bihurtu, petardo eta suziriak boteaz. Izan ere, aurten zaratak denbora laburrean are gehiago pilatzeko arriskua dago.

"Urtea aldatzean, jende askok bota ohi dituzte petardo edo suziriak. Ohitura oso sustraitua da, baina ez dugu zertan indartu, ezta mantendu ere.

Espero dut jendea gero eta errespetutsuagoa izatea eta pirotekniak bereziki ahulak diren kolektiboetan eragiten dituen kalteez jabetzea. Tradizioak ez daude osasunaren gainetik" ohartarazi du Delgadok.

"Beldurra, estresa, bihotz-taupadak, takikardiak, bihotzekoak... Zabala da oso suziri eta petardoek eragiten dituzten gaitzen zerrenda. Gabonetan ere lehergailuen manipulazioak pertsona ugari kaltetzen ditu, horietako asko eztandatik hurbil egon direlako, kasualitatez.

Ez da gaurkoa Barakaldoko Garapen Iraunkorra eta Ingurune Naturala Arloak pirotekniaren erabilera masiboaz duen kezka. Gogoan izan behar da iaz Alba Delgadok zuzendutako zinegotzigoak "Hotzaren aurrean baino ez estali belarriak" kanpaina bultzatu zuela. Mezu eta binetadun kartel deigarri baten (haur bat, adineko bat eta txakur bat suzirien zarata jasaten) bidez, barakaldarrek piroteknia gehiegikeriaz ez erabiltzeko beharra uler zezaten lortu nahi izan zen. Belarritakoak ere oparitu ziren modu sinbolikoan.