Barakaldoko Udalaren ekimena

Zabalik dago 'Mentor Irekian' ikastaroetan izena emateko epea

12.11.2020 | 20:51

BILBO. Zabalik dago dagoeneko Barakaldoko Udalak abiarazitako 'Mentor Irekian' ikastaroetan izena emateko epea. Ekimen honek barakaldarren enplegu aukerak eta gaikuntza teknologikoa hobetzeko helburua du. Mentor Gelak antolatutako ikastaroak erabat doakoak dira.

"Gero eta garrantzitsuagoa da ezagutza informatiko espezializatuak izatea, lanaren mundura sartzeko aukerak ugaritzeko. Doako ikastaro hauen bitartez benetako aukera eraginkor bat eskaintzen diegu teknologiaren alorrean beren gaitasunak hobetu edo eskuratu nahi dituztenei", esan du Enplegu, Gizarte Kohesio eta Aniztasunaren Kudeaketa Arloko zinegotzi Juan Antonio Pizarrok.

Bide batez, azpimarratu du zein garrantzitsua den udalerrian horrelako online prestakuntza tresna bat izatea, eta eskerrak eman dizkie Hezkuntza Ministeriori bezala Inguralde tokiko garapen agentziari ere egiten duten lanagatik.

Aurtengo `Mentro Irekian' ikastaroek sei heziketa aukera eskaintzen dituzte. Lehenengo aukera, `Linnux Esentials' da, eta Linux sistema eragilea ezagutzen hasteko aukera eskaintzen die ikasleei, bai eta lehenengo egunetik beretik makina birtual batekin praktikak egitekoa ere. Bigarrena, `Gauzen Internet. Hastapena', haziz doan aparatu eta gailu elektronikoen konektibotasunari buruzkoa.

Hirugarrena, `Zibersegurtasuna. Hastapena', linearen pribatutasuna babesteko eta egungo zibermehatxuak ezagutzeko tresnak eskuratzera bideratua. Laugarrena, 'Ekintzailetza digitala', finantza alorreko jarrerak, jokabideak eta trebetasunak ardatz dituena.

`Salesforce. Hastapena' eta `Salesforceren administrazioa' ikastaroek osatzen dute eskaintza. Aurrenekoak, bezeroak kudeatzeko tresna aurkezten du, eta bigarrenak, berriz, salmenta prozesuei edo enpresa-tresnei buruzko ezagutzak sakontzen ditu, teknologiaren ikuspuntutik.

Azaroaren 13ra arte egongo da zabalik ikastarootan Mentor Gelaren webgunearen bitartez izena emateko epea, eta interesatuek posta elektronikoa bidali beharko dute barakaldo@aulamentor.es helbidera, zein ikastaro nahi duten adieraziz.

IZEN-EMATE ORDENAREN ARABERA

Ikasle kopurua mugatua denez, izen-emate ordenaren arabera esleituko dira tokiak. Azaroaren 19an, ostegunean, hasiko dira eskolak, ustez. Ikasketak amaitzen dituztenek aprobetxamendu edo bertaratze egiaztagiria jasoko dute, Cisco Systems-ek egina. Doako ikastaroez gainera, Barakaldoko Mentor Gelak askotariko gaiak jorratzen dituzten 150 online ikastaro eskaintzen ditu. Ikastaroak bukatutakoan, Hezkuntza Ministerioak emandako aprobetxamenduaren egiaztagiria jasoko dute ikasleek.