BARAKALDO. Koronabirusaren pandemiaren krisialdiak eragindako kalte ekonomikoa gutxitzeko asmoz, Barakaldoko Udalak 6,3 milioi euro gehiago inbertituko ditu. Orain arte 7,7 milioi inbertitu ditu.

Helburua da pandemiaren ondorioz, okerren pasatzen ari diren familia eta sektoreekin lotutako arloen partidak handitzea. "Gastuari eusteko politikari esker, joan den legegintzaldian kontuak saneatzea lortu genuen, Udalaren zorra murriztea eta soberakin bat, aurrezpen bat, mantentzea, eta horri esker, egun bizi dugun egoera zail honetan herritarrei laguntzeko beharrezkoak diren gastuei aurre egin ahal izan diegu", adierazi du Amaia del Campo Barakaldoko alkateak, Danel Sola Ogasuneko zinegotziarekin batera.

Koronabirusaren ondorioz sortutako krisi ekonomikoak zuzenean eragiten die Barakaldoko familiei, baina merkataritza, ostalaritza, kultura, eraikuntza eta antzeko sektoreei ere bai. Hurrengo osoko bilkuran bozkatuko diren kreditu gehigarriek xede dute familia eta kolektibo horiei laguntzeko erabiltzea, ekimenak, proiektuak eta ekintzak bultzatuz.

Hala, 870.000 euro bideratuko dira familia kalteberenei laguntzeko, adinekoei laguntzeko ekintzetarako eta abarrerako partida indartzera. Halaber, 500.000 euro gehiago bideratuko dira ekonomia sustatzeko proiektuetarako, enpresa txiki eta ertainei, merkataritzari eta ostalaritzari laguntzeko eta Covid-19aren ondorio negatiboei aurre egiteko. Atal sozialean ere 100.000 euro gehiago izango ditu Emakume Arloko aurrekontuak, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei arreta emateko.

HERRI LANETAN INBERTITZEZ

Barakaldoko Udalak 1.150.000 euro izango ditu herri lanetan inbertitzeko. "Erakundeok sektore horretan inbertitzen jarraitu behar dugu, jarduera ekonomikoa eta enplegua sortzen dituelako, eta, beraz, horren alde egiten jarraitu behar dugu, are gehiago gaur egun dugun bezalako krisialdietan", azpimarratu du alkateak.

Gainera, partiden artean, Kultura, Hezkuntza, Euskara eta Gazteria arloan zuzenean sartuko diren 250.000 euro ere aipatu dira, eta kopuru horren helburua hiriko kultura- eta hezkuntza-bizitza aktibatuko duten ekintzak sustatzea izango da. "Pandemiaren ondorioak gehien jasaten ari den sektoreetako bat kultura da, eta horregatik udalean tokiko elkarte, talde eta erakundeekin jardutearen alde egiten ari gara: programak eta aire zabaleko ekintzak berriro egiten, eta beti, edukiera errespetatuz", azpimarratu du Solak.

Kreditu gehigarriek 2,2 milioiko partida ere jasotzen dute, herritarrek partaidetzazko aurrekontuen bidez gehien bozkatu dituzten proposamenak gauzatzeko. Kreditu gehigarri horiek hurrengo ohiko osoko bilkuran onartuko dira. "7 milioi inbertitu genuen pandemiaren lehen olatuan, eta orain 6,3 milioi euro banatzen ari gara arloetan. Horri esker, Barakaldoko familien beharrei erantzuten jarraitu ahal izango dugu, koronabirusari aurre egiteko neurriak abian jarriz", adierazi du Solak.