BARAKALDO. Azaroaren 1ean azken urtetako Domu Santu egunik bereziena biziko da, koronabirusaren pandemia dela eta. Horregatik, jende-pilaketak saihesteko helburuarekin, Barakaldoko Udalak protokolo berezi bat antolatu du, udal-hilerriko sarrerak eta irteerak antolatzeko eta edukiera kontrolatzeko.

Hiriko eta Auzoetako Lan Eta Zerbitzuen Kudeaketa Arloak hilerrira sartzeko eta hilerritik irteteko ibilbideak ezarri ditu; hala, dauden hiru ateetatik albokoak erabiliko dira sartzeko, erdikoa, berriz, irteteko baino ez da erabiliko. Gainera, hidrogela jarriko da sarreretan, hilerrira doazenek eskuak garbi ditzaten.

Igogailua zerbitzuz kanpo egongo da, eta informazio hori sarrerako ateetan eta hilerri barruan ere egongo da (bulegoak, erraustegia...). "Mugitzeko zailtasunak dituzten pertsonek hiru ateetako edozein erabili ahal izango dute sartzeko, joan nahi duten mailaren arabera", adierazi du Uriak.

Udaltzaingoari eta Babes Zibilari ere laguntza eskatu zaie sarbideak kontrolatzeko. "Bi kolektiboen inplikazioa oso garrantzitsua da egun horretan, eta are gehiago bizi dugun egoerarekin", adierazi du Uriak.

BAIMEN BEREZIA BARAKALDOKO LORADENDENTZAT

Domu Santu egunean, jende asko hurbiltzen da Barakaldoko hilerrira maite dituzten pertsonak bisitatzera, lore-sortak jartzera edo panteoiak, hilobiak, nitxoak eta abar garbitzera. Askotan, loradendek egun horretan zuzenean eramaten dituzte lora-sortak hilerrira. Alde horretatik, Ekonomia Sustapeneko Arloa harremanetan jarri da Barakaldoko loradendekin, kanposantura sartzeko lehentasuna izateko zerbitzua eskaintzeko, eta horrela, lore-sortak ahalik eta lasterren entregatzeko. "Neurri horrek bi helburu betetzen lagunduko digu: egun hauetan loradendek duten lan handia erraztea eta hilerriaren barruan jendetzak saihestea", azaldu du Ekonomia Sustapeneko zinegotzi David Sollak.

Hala, Inguralde harremanetan jarri da jada Barakaldoko loradendekin, eta, eskatuz gero, urriaren 26tik (astelehena) azaroaren 2ra arte indarrean egongo den baimen berezia izapidetuko zaie. Gainera, arratsaldeetan, 15:00etatik aurrera, loreak banatzeko ibilgailuak biltegi orokorren zabalgunean aparkatu ahal izango dira, hilerriaren ondoan.

Azkenik, hilerrira joateko azaroaren 1aren aurreko egunak aprobetxatzea gomendatzen du Udalak, Domu Santu eguna baino askoz ere egun lasaiagoak izango baitira.

Egun horretarako protokolo berezia alda liteke, egun dauden murriztapenen edo azaroaren 1ean indarrean dauden aginduen arabera.