Euskarak gero eta osasun hobea du Barakaldon. Joera on horri jarraipena ematea funtsezkoa da eta, horrexegatik, azaroaren 20tik abenduaren 4ra arte Barakaldok -Euskal Herriko beste herri askok bezala- Euskaraldia ekimena ospatuko du. Aurten, entitateak euskararen gurpilean sartzeko helburua jarri du Euskaraldia Barakaldok eta, momentuz, zentzu horretan, emai tza onak begi bistakoak dira, bada, herriko 150 entitate inguruk bere izena eman du jada ekimenean parte hartzeko. “Oso pozik gaude Barakaldoko entitateek emandako erantzunarekin. Ez genuen espero hainbeste denda, enpresa edota elkarteren babesa izango genuenik”, dio Ander Ezeizak, Euskaraldia Barakaldoko koordina tzaileak.

Oraindik entitate gehiago sar daitezke proiektuan, izena emateko epea datorren igandean bukatuko delako. Izena ematerako orduan, entitateek esan behar izango dute zein esparrutan erabiliko duten euskara Euskaraldian zehar. Zentzu honetan bi aukera daude hautagai: entitatearen barne harremanetan euskara erabiltzea edota entitatearen kanpo harremanetan. “Orain arte, entitate gehienek euskara kanpo harremanetan erabiltzea hautatu dute”, dio Ezeizak. Entitateen parte hartzearen sustapena da aurtengo Euskaraldiaren berritasunik nagusiena eta honek beste dimensio bat eman nahi dio ekimenari. “Entitateen parte hartzea indartuz, euskara gizarteratzen dugu. Erakundeen, enpresen eta herri denden ekarpenak berebiziko garrantzia dauka euskararen hedadura Barakaldon haz dadin”, adierazi du Ezeizak.

Baina entitateez aparte, herritarrek ere parte har dezakete euskaraldian aurreko edizioan bezala. Honenbestez, barakaldarrek datorren ostegunetik aurrera, irailak 24, izena eman ahal izango dute Euskaraldian parte hartzeko. “Pasa den edizioan parte hartu izan zutenei posta elektroniko bat bidaliko diegu eta, beste aldetik, flyerrak postaratuko ditugu Barakaldoko etxe guztietan herritarrek ekimenaren berri izan dezaten”, azpimarratu du Ezeizak. Pasa den edizioan gertatu zen moduan, aurten, Euskaraldian indibidualki parte hartuko dutenek bi rol izango dituzte aukeran: ahobizi edo belarriprest. Ahobizi izatea hautatuko dutenek, ekimeneko epean zehar, euskara hitz egiteko konpromezua hartuko dute, haiek izango baitira euskal hizkuntzan berba egiteko lehenengo pausoa emango dutenak, alegia. Bestalde, belarriprest izatea aukeratuko dutenek euskaraz hitz egiten dutenei entzuteko konpromezua izango dute Euskaraldia egiten den bitartean.

aldez aurreko lana

Azaroaren 20tik abenduaren 4ra Barakaldon gertatuko dena egia bihur dadin, aldez aurreko lan oso garrantzitsua egiten ari dira Euskaraldia Barakaldoko antolatzaileak. Lehen pausoak pasa den abenduan eman zituzten herri batzordea sortu zutenean. Herri batzorde horrek pentsatu zuen herriko jaiak izango zirela ekimena iragartzeko tokirik aproposena eta, honenbestez, San Bizenteko jaietan eta Agate Deuna egunean Euskaraldiak bere aztarna utzi zuen. “Argi geneukan oso garrantzitsua zela herriko jai eta ekimen inportanteetan egotea, uste dugulako Euskaraldia iragartzeko erarik egokiena dela eta, bide batez, euskara esparru ludikoetara eramango genukeela uste genuen”, azaldu du Ezeizak. Baina iragarpen kanpaina garatzen zegoela, izurria heldu zen gurera eta Euskaraldiak zeukan plan guztiak bertan behera geratu ziren eta, horrexegatik, egitasmoaren iragarpen plana erabat aldatu behar izan zen. Zentzu honetan, itxialdian bideo batzuk sortu zituzten eta, haietan, aisi proposamenak helarazten zizkieten barakaldarrei. “Itxialdiak murriztu zituen euskara zabaltzeko aukerak, baina uste dut egoera zail horri buelta eman geniola eta euskarak bere tokia izatea lortu zuen”, adierazi du Ezeizak. Itxialdia bukatu zenean, mintzodromo birtual bat egin zuten eta harrera kolosala izan zuen. Euskaraldia Barakaldok egin duen lana handia izan da, baina oraindik lana egiteke dago. “Herriko elkarte batekin batera abesti bat sortu dugu eta espero dugu laster aurkeztea”, dio du Ander Ezeizak, Euskaraldia Barakaldoko koordinatzaileak.