BARAKALDO. Koronabirusaren pandamiari ikasturte hasiera honetan ahalik eta modurik eraginkorrenean aurre egiteko hainbat neurri ezarri zituen Barakaldoko Udalak. Horietako bat segurtasuna indartzea izan da. Joan den astelehenetik, hilak 7, Barakaldoko udaltzainak eta Babes Zibileko kideak ikastetxeekin elkarlanean ari dira zentroetatik sartzen eta irteten laguntzeko.

Angel Madrazo Herritarren Segurtasun Arloko zinegotziak balorazio ona egin du antolakuntzaren lehen egunei buruz: "Antolaketa-ahalegin handia egiten ari gara ikastetxeei beren sarbideak kontrolatzen laguntzeko, osasun-agintariek Covid-19aren kutsadurari aurrea hartzeko ezarritako neurriak bete nahian. Eskertu nahi dut hezkuntza-komunitatearen aldetik jaso dugun harrera bikaina, bai eta guraso eta haur gehienak erakusten ari diren gizalegezko jokabidea ere ".

Antolakuntzaren helburua da ikastetxeetarako sartu-irtenak modu seguruan egitea, pertsonen arteko distantzia gordetzeko, musukoa erabiltzeko eta gurasoen edo ikasleen alferrikako kontzentrazioak saihesteko beharra gogoraraziz. Ildo horretan, Madrazok aholkatu du pertsona bakar batek laguntzea ikasle bakoitza ikastetxera sartzeko eta irteteko unean, gurasoei eta ikasleei laguntzeko.

Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako 20 ikastetxe publiko eta hitzartuetan daude Udaltzaingoa eta Babes Zibila aste honetan. Ikastetxe bakoitzaren itzulera mailakatuak eta ordutegi ezberdinek errazten dute horien hedatzea; 14 udaltzainek eta Babes Zibileko 9 boluntariok hartzen dute horretan parte.

Hauek dira antolakuntzak xede dituen ikastetxeak: Arrontegi, Larrea, Begoñako Andre Maria, Zuhatzu, Sortzez Garbia, Arteagabeitia, Alazne, Bagatza, Errosarioko Andre Maria, Alkartu Ikastola, Mukusuluba, Ibaibe, Gurutzeta, Juan Ramon Jimenez, Munoa, Salesiarrak, Pauldarrak, Errekatxo, El Pilar eta San Juan Bosco.

"Zentro bakoitzak antolakuntza modu bat behar du, beharren arabera egokitu beharrekoa. Arduradunekin izan dugun harremanari esker, antolakuntza planifikatu eta koordinatu ahal izan dugu, pandemiagatik bizi ditugun egoera berezi honetan", azpimarratu du Angel Madrazok.

TRAFIKO MOZKETAK ETA DESBIDERATZEAK

Osasun-neurriak betetzen direla kontrolatzeaz gain (musukoa nahitaez erabiltzea, pertsonen arteko distantzia), ikastetxeen inguruko trafikoa zaintzea eta arautzea barne hartzen du Barakaldoko Udaltzaingoaren eta Babes Zibilaren baterako antolakuntzak.

"Kasu batzuetan, kale bat itxi behar izan dute behin-behinean, edo trafikoa desbideratu, ikastetxeetarako sarbidea edo irteera errazteko. Kontuan izan behar da, ikastetxe batzuk jende eta ibilgailu ugari ibiltzen diren lekuetan daudela, eta, beraz, pilaketak saihesteko, neurri gehigarriak hartu behar ditugu", azaldu du Madrazok.