BARAKALDO. Ofiziala da. Aurten ez dira abuztua eta iraila bitartean ospatu ohi diren Errekatxo, Burtzeña eta Gorostitzako jaiak ospatuko. Koronabirusaren pandemiak eragindako egoerak Barakaldoko auzoen jaiak bertan behera uztera behartu egin du. Barakaldoko Udaletik ardura eta zuhurtzia eskatu egin dute, jendeak pareko jaiak ez ospatzeko, "birusa heda ez dadin ahalegina eginez", azaldu du Kultura, Hezkuntza, Euskara eta Gazteria Arloko zinegotzi Nerea Canterok.

Joan den martxoan heldu zen pandemiak eraman zituen Lutxana, Gurutzeta, Zuhatzu-Arteagabeitia, Llano, Desertu Berria eta Retuertoko auzoak erabaki bera hartzera. "Hasiera-hasieratik izan ditugu harremanak auzoetako jai elkarteekin, eta osasun agintaritzak dekretuz erabakitako neurriak jakinarazi dizkiegu une oro", adierazi du Canterok. "Jai batzordeetako ordezkariak beti jokatu dute zuhurtasunez, eta jaiak egin beharrean ekintza sinbolikoak aukeratu dituzte, jarduerak kalean egin ahal izango direnerako utziz beste ekintza guztiak", azpimarratu du.

"Eskerrak eman nahi dizkiogu Udaletik azken hilotan elkarlanean taxuz aritu direnei, beti baloratu izan ditugulako neurriak bai eta erabakiak hartu ere, jakinik haientzat zailak zirena, ororen gainetik jarririk hiriaren segurtasuna, eta alde batera utzita ezinbestekoak ez ziren arriskuak", esanez adierazi du esker ona Canterok. "Orain, lanean jarraitzea tokatzen zaigu, etengabe aldatuz doan Covid-19ak dakartzan egoerak gainontzeko jai batzordeekin baloratuz eta une bakoitzari dagozkion erabakiak hartuz", azpimarratu du.

EGINTZA SINBOLIKOAK

Zenbait kasutan, egintza sinbolikoren bat egitea erabaki dute batzordeek, auzotarrei zaindariaren eguna dela gogorarazteko: Retuerton esaterako, bihar, uztailak 30, San Inazio eguna ospatzeko Txistularien Udal Bandak kalejira egingo du goizeko 10:00etan, bai eta meza nagusia ere, San Inazioren omenez. Hala ere "ez da 150 lagun baino gehiago biltzerik izango, eta mezetara doazen guztiek jantzi beharko dute musukoa", azpimarratu du zinegotziak. Meza ostean, santuari ohorezko aurreskua dantzatu eta lore-eskaintza egingo diote kuadrillek eta jai batzordeak.