BARAKALDO. Koronabirusaren pandemiak eragindako garai zail hauetan tokiko turismoa sustatzeko helburuarekin, Barakaldoko Udalak 'Visit Barakaldo' izeneko webgune berria aurkeztu egin du. Bertan hiriari buruzko informazio interesgarri guztia bildu da, bisitariek errezako kontsultatu ahal izan dezaten.

Barakaldok iaz jarri zuen martxan Turismo Jasangarriaren Plan Estrategikoa. Tresna horren bidez Barakaldo mapa turistikoan kokatzea lortu nahi da, bere ondare historiko eta industriala, turismo kulturala eta Done Jakue bidea erakutsiz, bai eta BECen egiten diren goi-mailako ekitaldiak eta natura ere ezagutzera emanez.

Visit Barakaldok erabiltzaileentzako espazio bisual eta erraz batean biltzen ditu hiriaren indargune horiek. Horrez gain, hiriari buruzko informazio orokorra eta bereziki Memoria Historikoari buruzko atal bat gehitu ditu. "Webgune berri hau martxan jartzea Turismo Planaren helburuetako bat da, baita Bizkaiko Foru Aldundiak egiten duen gomendio bat ere, gure herrira etorri nahi duten bisitariek errazago izan dezaten gure hiriko informazioa bilatzea", adierazi du Alkatetza, Gobernu Irekia, Turismoa eta Berrikuntza Arloko zinegotzi Gorka Zubiaurrek.

Udalak urteko lehen hiruhilekoan jarri zuen martxan proiektua, uda honetan martxan egon zedin. Aldundiaren diru-laguntzari esker garatu ahal izan da proiektua, eta horri esker kontratu bat egin ahal izan da, bai eta Barakaldoko Udaleko zenbait arloren lankidetzari esker ere.

INFORMAZIOA, IBILBIDEA, MERKATARITZA ETA OSTALARITZA

Turista batek eskatzen duen informazio guztia jasotzen du Visitbarakaldo.eus webguneak. Lehenik eta behin, hiriari, historiari, kulturari, kale-izendegiari, zenbaki interesgarriei eta lo egiteko ostatuei buruzko informazioa eskaintzen du. Gainera, hirian zer egin daitekeen jakiteko aholkuak ematen dituen atal bat ere badago. "Gune horretan, erabiltzaileek ekitaldien agenda, ikastaroak eta tailerrak, ibilbide gidatuak, gastronomia eta Bizkaiko Foru Aldundiak sustatutako `Bilbao Bizkaia Erreserba' plataforma berrirako esteka ere aurkituko dute", azaldu du Zubiaurrek.

Webguneak hirian zer bisita daitekeen azaltzen duen atal bat ere badu. Bertan, Barakaldoko gune esanguratsuenak aurkezten dira: Munoa finka, BEC, Ramon Rubial Lorategi botanikoa, CIHMA Luis Choya Almaráz...

Ibilbideei buruzko atal bat ere aurki daiteke, eta, bertan, bisitatzeko auzo eta leku batzuk nabarmentzen dira, hala nola Errekatxo edo Gurutzeta, Sare berdea, itsasadarraren ingurua, San Bizente elizatearen jatorria, bai eta argazkien eta dokumentuen funtsa eta Barakaldoko kantutegia. "Egia esan, web atari berri honek gure hiriak turismoari begira eskaintzen dituen plan interesgarrien berri eman dezake. Horregatik, eta are gehiago aurten, bertako turismoaren aldeko apustua egiten ari garen honetan, herritarrak animatu nahi ditut Visit Barakaldo webgunean sartu, eta gure hiria bisitatzeko plana egitera. Ziur nago harritu egingo dituela ", adierazi du zinegotziak.

MEMORIA HISTORIKOA

Azkenik, Visit Barakaldok Memoria Historikoari buruzko atal bat du. Bertan, Udalak hiriko memoria historikoa berreskuratzeko azken urteotan eman dituen urrats guztiak daude jasota. "Atal honetan, Gerra Zibila eta gerraostea bizi izan duten udalerriko pertsonen testigantzak aurki ditzakegu, baita Udaletik garatu diren parte-hartze prozesuak ere", azpimarratu du zinegotziak.