BARAKALDO. Koronabirusaren krisiaren hasieran, Barakaldoko Udalak janari txekeak emateko 'Diruzorro Txartelak' ekimena jarri zuen martxan, krisialdiaren kalteak pairatzen ari ziren herritarrak laguntzeko. Orain, ekimen horretarako 600.000 euro bideratuko dituela ezaguarazi du Amaia del Campo alkateak. Hasiera batean 60 familia inguruk jasotzen zuten laguntza, baina pixkanaka-pixkanaka kopuru hori handitzen joan da eta, beraz, baliabideak handitu behar izan dituzte baita ere.

"Hasierako pilotajean 60 diruzorro-txartel banatu ziren, inolako diru-sarrerarik ez duten familientzat. Orain beste 180 txartel inguru banatuko dira, eta dagoeneko emandakoak kargatzen joango dira, diru-sarrerarik ez dagoen bitartean ", esan du Del Campo alkateak.

"Zaila da aurrekaririk ez duen egoera honen bilakaera aurreratzea, bai eta Estatuko Gobernuak eta beste administrazio batzuek iragarritako beste neurri batzuk nola eta noiz jarriko diren martxan jakitea ere; horregatik, laguntzen jarraitzeko eta egoera okerrenean dauden gure hiriko familiei erantzuna emateko, 600.000 euroko partidaz hornitu dugu neurria", iragarri du Del Campok. "Kopuru horri esker, prest egongo gara gizarte-langileek egiten dizkiguten eskaerei aurre egiteko", zehaztu du.

SISTEMA DISKRETU, NORMALIZATZAILE ETA INTEGRATZAILEA

Ekimenaren bidez, gizarte-langileek balorazioa egin ondoren, une honetan diru-sarrerarik jasotzen ez duten familiei diruzorro-txartel bat emango zaie, supermerkatu-kate batean oinarrizko elikagaiak erosi ahal izateko. Diruzorro-txartelak 200 euro eta 300 euro artekoak dira hilean, erabiltzailearen arabera. Esperientzia pilotua positiboa izan da, " Elikagaiak etxetik gertu erosteko aukera ematen baitu, modu diskrezional, normalizatu eta integratzailean", adierazi du alkateak.

Eros daitezkeen behar-beharrezkoak diren produktuak honako hauek dira: lekaleak, pastak, arrozak, esnea, gailetak, frutak, barazkiak, haragiak, arraina eta oinarrizko higiene-produktuak (komuneko papera, etxeko garbiketa...). Aldiz, ezin dira erosi alkohola, freskagarriak (zukuak bakarrik), litxarreriak, edertasuna eta kosmetikoak, eta Gourmet edo Selectia produktuak.

Txartel hau bateraezina da produktuak elikagai-bankuetan jasotzearekin. Txartela arduraz erabili behar da; bestela, zerbitzua bertan behera utz daiteke.

Oinarrizko gizarte-langileak lan neketsua egiten ari dira, eta egiten jarraitzen dute Gizarte Segurantzarekiko eta Lanbiderekiko elkarreragingarritasun-sistemen bidez premiak eta diru-sarrerarik eza egiaztatzeko,

"Gizarte zerbitzuetan egiten ari diren lana eskertu nahi dut, aurrekaririk gabeko osasun krisi honek lana areagotzea ez ezik Gizarte Zerbitzuek une zail hauetan egoera okerrenean dauden bizilagunei eskaintzen dieten arreta egokitu beharra ekarri baitu ", azpimarratu du alkateak.