BARAKALDO. Inguralde Garapen Agentziak Barakaldoko merkataritza eta ostalaritza sustatzeko 'Barakaldon, igo pertsianak' izeneko kanpaina abiarazi du. Barakaldoko Udaleko Ekonomia Sustatzeko Arloak sortutako kanpainak egoera normalizatzen denean herriko saltokietan eta ostalaritza-lokaletan erostea du helburu.

Bideoan, Barakaldo ageri da huts-hutsik, jendea balkoietatik begira eta merkataritza eta ostalaritza lokaletako pertsianak jaitsita joan den martxoaren 14ko Alarma Egoeraren ondorioz. Normaltasunera itzultzen den Barakaldo ere agertzen da bideoan, merkataritza eta ostalaritza jarduera martxan, jendea kalean paseatzen... "Merkatari eta ostalariak, orain, behar ditugun lekuan daude; beren etxeetan, alegia. Baina, horren ondorengo bat izango da, eta hori datorrenean, guk egon beharko dugu haiek behar gaituzten lekuan; alegia, haien dendetan, tabernetan eta jatetxeetan", adierazi du Barakaldoko alkate Amaia del Campok.

"Horretan datza gure indarra, herri gisa: jakitun izan behar dugu, merkatari eta ostalariek herritarrekiko egin duten ahalegina eta elkartasuna Barakaldon kontsumituz itzuli behar diegula", ziurtatu du Del Campok. Bertako hedabideetan eta Udaleko gizarte-sareetan zabalduko da bideoa.

LAGUNTZA LERROA HEDATZEKO KANPAINA

Horrez gainera, martxan da, merkatari, ostalari eta autonomoei, lokalak itxita dauzkaten bitartean zergak ordainduz egiten ari diren ahalegina konpentsatze aldera, Udalak prestatu duen zuzeneko laguntza lerroa ezagutzera emateko kanpaina. Bi dira; bata, Merkataritza Bonoa deritzona, merkataritza suspertzeko, eta aholkularitza emateko kanpaina, bestea, gizarte-larrialdietarako laguntzak eskatu behar izatekotan.

Laguntza horiek eskatu nahi dituztenek, Inguraldera hots egin behar dute 944 789 269 zenbakira goizetan, eta 944 789 445 zenbakira, berriz, arratsaldeetan; edo bestela, www.inguralde.eus web orriaren bidez saiatu.