ABANTO-ZIERBENA. Ezkerraldea, Enkarterri eta Gurutzetako Erakunde Sanitario Integratuak (ESI) bere barnean dauden osasun-zentroak nola funtzionatuko diren garai honetan ezaguarazi du.

Gallartako Osasun Zentroa arduratuko da Las Carrerasko Osasun Zentroaren aurrez aurreko arretaz, martxoaren 24tik aurrera eta abisu berri bat eman arte. Horren helburua da, koronabirusaren pandemiaren garaiko laguntza-zerbitzuen antolakuntzaren barruan, zerbitzuak leku batean pilatzea, herritarrei arreta ordenatua eskaini ahal izateko.

Hori jakinarazi du Ezkerraldea, Enkarterri eta Gurutzetako Erakunde Sanitario Integratuak (ESI), zeinak, horrez gain, adierazi duen etxez etxeko arretak bideratzeko ere Gallartako zentrora deitu beharko dela telefonoz.

Osasun-hitzordua eskatzeko, Las Carrerasko herritarrek egungo telefono zenbaki berdinera deitzen jarraitu beharko dute. Pazienteak telefonoz artatuko dira, eta, beharrezkoa izanez gero, aurrez aurreko hitzordua emango zaie, paziente helduei Gallartako Osasun Zentroan eta paziente pediatrikoei Muskizko La Cendeja kaleko 29. zenbakian.

LARRIALDI PEDIATRIKOAK GURUTZETAN JASOKO DIRA

Halaber, gogorarazten da momentuz larrialdietako arreta pediatrikoa Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean emango dela, Osakidetzak duela gutxi erabaki baitzuen ospitale horretara eramatea, behin-behinean, Bilbo Basurtuko ESIko eta Ezkerraldea-Enkarterri-Gurutzetako ESIko larrialdietako arreta pediatrikoa (jaioberrien arreta izan ezik). Hala, San Pelayo pabiloia hustu egin da (zeina normalean Basurtuko Unibertsitate Ospitaleko larrialdi pediatrikoak artatzeko erabiltzen den), eta koronabirus-kasu positiboak tratatzeko erabiliko da.