Muskizko Udalarekin elkarlanean, Muskiz Amarok Txakurtrail probako hirugarren edizioa antolatuko du martxoaren 1ean (igandea) Amarok Txakurkros clubak. Lasterketa hau V. Euskadiko Txakurkros Ligarako puntuagarria izango da, eta 8,5 kilometro inguruko ibilbidea izango du. Arkazieta auzotik aterako da, udalerriko Ikastola dagoen ingurutik, goizeko 10:00etan. Proba honen ostean, herri lasterketa bat egingo da, bai eta haur lasterketa bat ere.

Hitzordu honek kirolzaleak eta zakurrak uztartuko ditu. Martxoaren 1ean, igandean, goizeko 08:00etatik aurrera, zenbakiak banatuko dira, eta albaitaritza kontrolak egingo dira. Antolatzaileek gogorarazi dutenez, parte hartu ahal izateko gutxienez urte bat izan behar dute zakurrek, txipa behar bezala jarrita, eta dagozkien txertoak jarrita izan behar dituzte. Goizeko 10:00etan, 8,5 kilometroko Txakurkros proba abiatuko da, zeinak paisaia natural ederrak zeharkatuko baititu, Mello mendiko hegaletan zehar. Geroago, 11:30ak aldera, 4 kilometroko luzerako herri lasterketaren txanda izango da. Horren ondoren, 12:30ean, ume lasterketa egingo da. Eta bukatzeko, ohi bezala, sari banaketa egingo da.

Era berean, ibilbide luzearen barruan jan-edanak hartzeko gune bat izango da, urez hornituta, korrikalarientzat eta zakurrentzat. Antolatzaileek ibilbidea eta ordutegiak aldatu ahalko dituzte, beharrezko irudituz gero.

Izen-ematea: Parte hartzeko interesa duten guzti horiek www.sportmaniacs.com webgunearen bidez eman ahalko dute izena otsailaren 29ra arte, 20:00ak arte, eta probaren egunean, proba hasi baino ordu bat lehenagora arte. Gehienez 120 korrikalari bildu ahalko dira. Lasterketa luzearen prezioa 13 eurokoa da federatuentzat eta AMAROK clubeko kideentzat; eta 16 euro, federatuta ez daudenentzat. Probaren egunean 18 euro izango da prezioa. Herri lasterketaren kasuan, berriz, 8 euro, lasterketa egunaren aurretik; eta 10 euro, egunean bertan. Izena ematen duten pertsonek Muskizko Ikastolako gune estalian jaso ahalko dituzte euren dortsalak, lasterketa hasi baino ordu erdi lehenagora arte. Eguraldi txarrik egonez gero, berriz, Muskizko Udal Pilotalekuan egingo litzateke dortsal banaketa.

Elkartasun Azoka

Ekitaldi honen barruan, goizeko 10:30etik aurrera, Elkartasun Azoka bat ipiniko da Arkazieta inguruan, eta bertan animaliak babesteko hainbat elkarte izango dira, tartean, bertako Lagun Izan elkartea, eta elkarte horrekin batera, Gureak, SOS Bilbao, ACMA, Con dos bigotes elkartea eta Bere ahotsa. Elkarte horiek guztiek produktu ugari ipiniko dituzte salgai. Horretaz gain, Arkazietako inguruko tabernetan Elkartasun Pintxoa dastatu ahalko da, euro baten truke, eta elkarte hauetara bideratuko da biltzen den diru guztia. Bukatzeko, herri bazkari bat ere izango da, 5 euroan.