BARAKALDO. Hurrengo astelehenean, hilak 10, Barakaldon inauterietan egin ohi den desfilean parte hartzeko izena emateko epea irekiko da. Aurtengoa 31. edizioa izango da, eta otsailaren 21, 22 eta 23an ospatuko dira inauteriak. Desfileak 7.500 euro banatuko ditu sarietan.

Nerea Cantero Kultura, Hezkuntza, Euskara eta Gazteria Arloko zinegotziak atzo goizean aurkeztu zituen Inauteriei buruzko xehetasunak: adin eta gustu guztiei zuzendutako programazioa da, "herritarrek kezkak alde batera utzi eta ederto pasatzeko aukera izan dezaten". Era guztietako mozorroak, musika, fanfarreak, poz handia eta Taramboloren magia nagusituko dira hirian, Herriko Plaza eta Barakaldoko auzoak agertoki nagusitzat hartuta.

EGITARAUA:

INAUTERIETAKO OSTIRALA, TRADIZIOA

Ostiral arratsaldean, 20:00etan, Herriko Plazan, Barakaldoko lau dantza taldeetako musikari eta dantzariei esker Euskal Inauteriak hobeto ezagutzeko apustua egingo du Udalak: Amaia, Ibarrakaldu, Erreka-Ortu eta Laguntasuna.

Euria egiten badu, ekitaldia frontoi nagusira eramango da (Batzar Nagusiak kalea).

Bestalde, Inauterietako ostiralean ere Gazte Festa egingo dute Giltzarriren eskutik, 12 eta 18 urte bitarteko gazteentzat. "Gazteen arloko hezitzaileek antolatutako aisialdi osasuntsua izateko ekimena da", adierazi du Canterok. Interesa duten gazteek Giltzarriko topalekuetan jaso behar dute gonbidapena. "18 urtetik gorakoentzako mozorro afaria antolatu da, 10,81 euroko prezioan barakaldarrentzat eta 12,76 eurotan beste udalerrietako gazteentzat", azpimarratu du.

INAUTERIETAKO LARUNBATA, DESFILEA

Tarambolo Barakaldoko inauterietako XXXI. desfilean ibiliko da larunbatean; kolore anitzeko desfilea izango da, eta inauterietako osagairik ez da faltako: Musika, alaitasuna, koloreak eta animazioa. Desfilea San Bizente parkean hasi eta Miranda etorbidetik igaroko da; ondoren, Gernikako Arbola eta Foruen pasealekutik pasatu eta Herriko Plazara iritsiko da. "Berrikuntza gisa, aurten Tarambolo taldeak zabalduko du desfilea, Troula Animacion talde galiziarraren Pachamana kalejirak lagunduta; perkusio, erritmo elektroniko, dantza eta txotxongilo erraldoien konbinazio bat da"; aurreratu du Canterok.

Gainera, aurten, desfileko parte-hartzaileek euren argazkiak ikusi ahal izango dituzte www.festak.com webgunean doan dagoen argazki erreportaje batean: "Web orri honetan sartuz desfileko argazkiak deskargatu ahal izango dira, gorde edo partekatzeko", adierazi du zinegotziak. Desfileko koadrilentzako izen-emate epea otsailaren 10etik 21era egongo da zabalik, San Bizente kaleko 46-behea dagoen Kultura Programen Bulegoan, astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 14:00etara. Aurreko urteetan bezala 7.500 euro banatuko dituzte saritan mozorro onenen eta desfileko tramankulu edo karroza onenaren artean.

Desfilearen ondoren, Herriko Plazan Inauteri Jaia izango da, eta DJ batek gustu guztietarako musika jarriko du; musika egitarau zabala eta askotarikoa izango da, eta adin guztietako herritarrek, umetatik hasi eta zaharrenetara arte, asko gozatuko dute. Jaiaz gain, 19:30etik aurrera plazara hurbiltzen den orok txokolatada (zeliakoentzat egokia) eta bizkotxoak jateko aukera izango du.

INAUTERIETAKO IGANDEA, TARAMBOLOREN AGURRA

Igandean haurrentzako jarduerak antolatu dituzte, 17:00etatik 19:00etara, eta puzgarriak eta Inauterietako tailerrak prestatu dituzte Ainara aisialdi elkartearen eskutik. 18:00etan, Barakaldoko frontoian, herriko adineko pertsonekin inauterietako dantzaldia egingo dute.

Arratsalde-gau partean, Barakaldok Inauteriak agurtuko ditu eta Tarambolo izango da protagonista. "Hasteko, Tarambolorekin Bide Onera plazatik Herriko Plazara joango den hileta-kalejira egingo dugu, Arimaktore Barakaldoko Antzerki Elkarteak antzeztutako alargun eta hiletari ugarirekin batera. Kalejira Barakaldoko Tambores Taldeko gazteek egingo dute", adierazi du zinegotziak.

Herriko Plazara heldu ondoren, Tarambolok Barakaldori eta barakaldarrei datorren inauterietara arte agur esan aurretik, Mad Rider su ikuskizuna hasiko da, Valladolideko Kull d 'SAC talde eskutik. Soinu elektroniko abangoardistenen konpasean, Mad Rider taldeak su, dantzaz, erritmo eta argiz margotuko du gaua. Murgildu zaitez haien magian, eta bizi ezazu une bakoitza. Su-koreografiak, efektu piroteknikoak, akuilu-makuilu dantzak eta erritmo itzela.

INAUTERIA AUZOETAN

Barakaldoko Inauterietan auzoek ere garrantzi handia izaten dute, askotan hiriko kultur etxe eta gizarte etxeen eskutik. Hain zuzen ere, Gurutzeta auzoak bere desfile propioa egingo du auzo etxearen eskutik, eta 1.300 euro baino gehiago banatuko dituzte sei saritan banatuta. "Gurutzeta auzoko tradizio errotua da, eta La Paz frontoia eta La Paz kalea, zubia eta Gurutzeta plaza, Vista Alegre, Isaac Albéniz, Magallanes, Telleria, Okeluri, Blas de Otero eta Balejo kaleak zeharkatuko ditu, eta Gurutzeta plazan bukatuko da", esplikatu du Canterok.

Hirugarren urtez, Inauterietako postre tradizionalen lehiaketari ekingo zaio. Hiru sari izango dira; helduen lehen postua, 90 euro; helduen bigarren saria, 75 euro, eta familian egindako postre onenarentzat sari berezia, 75 euro. Aurten beste kategoria bat sartu da, Gazte Sariarena, 90 eurorekin, 16 eta 30 urte bitarteko parte-hartzaileentzat.

Gainera, Burtzeña, Retuerto eta Zuatzuko kultur etxeek inauterietako hainbat jarduera antolatu dituzte lehenengo urtez, mozorro, musika eta txokolate jaiekin. Clara Campoamor gizarte etxeak bere jaia antolatuko du berriro ere ekitaldi aretoan.

Bestalde, auzo batzuek inauterien ondorengo astebururako egitarau berezia antolatu dute, kalejira, koadrilen jaitsierak, musika eta sariekin.