BILBO. Bulegoa eraldatzen jarraituko du Barakaldoko Herritarrentzako Arreta Zerbitzuak, barakaldarrei zerbitzu gehiago eta hobeak eskaintzeko. Aste honetan bertan jarri du martxan Alkatetza, Gobernu Irekia, Turismoa eta Berrikuntza Arloak Herritarrentzako Postua. "Ordenagailu bat jarri dugu herritarren eskura, hor bertan egin ditzaten udal tramiteak, ilaran itxaron nahi ez badute", adierazi du Arloko Gorka Zubiaurrek.

Herritarrek asko eskatzen duten tresna da Herritarrentzako Postua, horrela ez baitute ilaran egon beharrik izango eta beren kabuz egin ahal izango dituzte tramiteak, etxetik egingo balituzte bezala. Horrez gainera, udal hodeira igo ahal izango dituzte, zuzenean, obra-lizentzia eskaerak formatu digitalean dakartzatenek. "Ekimen horren bitartez, arindu egingo diegu zerbitzua etxean ordenagailurik edo Internetik eduki ez eta udal bulegoetan beren kabuz tramiteak egin behar dituztenei, bai eta ilaran egoterik edo egon nahi ez dutenei ere", azaldu du Zubiaurrek.

DOAKO WIFI ZERBITZU BERRIA

Azken Partaidetzazko Aurrekontuetan, Barakaldoko Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan hobekuntzak egin daitezela eskatu zuten herritarrek. "Eskaera guztiak aztertu ditugu, eta eraldaketak egingo ditugu, hala nola, Herriko Plazako bulegoko espazioaren berrantolaketa, zerbitzua ematen dihardutenekin daudenen pribatutasuna bermatzeko", adierazi du Zubiaurrek. "Horrez gainera, wifia jarriko dugu pixkanaka HAZeko bulegoetan, eta, hementxe, udaletxean dugunarekin hasiko gara", aurreratu du.

BULEGO ELEKTRONIKOAK ERABILTZEKO AHOLKULARITZA

Azkenik, datozen sei hilotan, Enplegu Planetik datozen bi langile arituko dira herritarrei laguntzeko zereginean, bulego elektronikoak nola erabili behar diren eta zein motatako tramiteak egin ditzaketen azaltzen.