BILBO. Merkatuan diren antzeko aplikazioak eredu hartuta, Udalak bere Appa sortu du, mugikorrean tresna deskargatu eta Barakaldoko Udaltzaingoarekin berehalako komunikazioa izatea erabaki dutenen datuak behar bezala babesturik egon daitezen. Barakaldo Beldurrik Ez aplikazioa bere logoarekin deskargatu daiteke mahaigainean. Oso aplikazio intuitiboa da, eta erabilerraza, gainera; 14 urtetik gorakoek soilik erabil dezakete, eta horretarako, mugikorreko GPSa aktibatuta eduki behar da. Bost funtzio dauzka aplikazioak:

  • Panikoaren botoia (izu botoia): Orrialdearen atal nagusian kokatua dago, eraso sexista gertatzen ari dela ohartarazteko prestatua. Ohartarazpena jasotakoan, patruila bat bidaliko du Udaltzaingoak mezua bidali den tokira. Ohartarazpena bidaltzean arazoren bat gertatu bada, appak 112 larrialdien telefonora birbidaliko du mezua.
  • Panikoaren botoia utzi: Alarma faltsua izan bada, panikoaren botoi bidez egindako deia bertan behera utz daiteke. Horretarako `utzi' botoia sakatu, eta sistemak atzitzeko pasahitza eskatuko du. Oso garrantzitsua da aplikazioa arduraz erabiltzea, txarto erabiltzekotan, udal larrialdi zerbitzuak kaltetuak gerta bailitezke, eta zerbitzua oker eskaini.
  • Poliziarekin harremanetan: Segurtasunik ezeko egoeran, norbait segika dabilelako ustean, mehatxua sentitzekotan... Udaltzaingoari ohartarazpena bidaltzeko botoia da. Botoia sakatzean, mezu bat helarazten zaio Udaltzaingoari, ustezko biktima zehatz-mehatz non dagoen azaltzeko.
  • Beldurrik Ez aholkuak (I): Atal honetan, Udaltzaingoak nahiz Udalak berak aholkuak emango dizkiete erabiltzaileei: esate batera, `eduki beti GPSa aktibatuta, erraz aurkitzeko moduan egon zaitezen' edo Udalak emakume elkartearen laguntzaz prestatutako Erasoen Aurkako Protokoloari buruzko informazioa...
  • Ikus ohartarazpenak (begi bat): Atal honetan, egin diren ohartarazpenen historia kontsultatzen ahal da, ordu-data eta guzti.

Beldurrik Ez zerbitzua doakoa da, eta barakaldar orori zuzendua. Atzitu nahi izatera, izen-deiturak, mugikorraren zenbakia eta posta elektronikoa emateaz gainera, erabilera baldintzak eta pribatutasun politika onartu behar dira. Erregistroa egindakoan, erabiltzailea eta pasahitza bidaliko zaizkio posta elektronikoz erabiltzaileari. Play Marketean dago dagoeneko eskuragarri aplikazioa, IOS nahiz Android sisteman; doakoa eta elebiduna (euskaraz eta gaztelaniaz) da.

"Tamalez, gaur egungo arazo behinenetakoan bihurtu dira eraso sexistak. Erakundeetan jabetuta gaude gaitz hau desagerrarazteko neurriak hartu beharra dagoenaz, bai eta berdintasunaren aldeko eta emakumeari laguntzeko hezkuntza programak bultzatu behar ditugunaz. Udalak, baina, beste pausu bat eman nahi izan du, eta horregatik sortu du batez ere emakumeei zaurgarri sentitzen diren momentuetan segurtasuna emango dien tresna propioa", adierazi du Amaia del Campo alkateak.

APLIKAZIOA PROBATZEN

Astelehen gauez aritu zen Udala mugikorrerako aplikazioa probatzen. Horrela, hiriko auzo desberdinetara sakabanatu zituzten hainbat boluntario, izu botoia sakatu eta abisuak hiriko edozein lekutatik iristen ziren egiaztatzeko. "Ongi atera zen proba", adierazi du Emakume Arloko zinegotzi Rakel Olallak.

Aplikazioa martxan jartzeko, 3.388 euro inbertitu ditu Udalak. Berrikuntza Teknologikoko departamentuak eta Emakume Arloak sortu dute tresna.

Urtetik urtera eratzen den Erasoen Aurkako Taldeari jakinarazi zaio hori guztia, Karmenetan gerta daitezkeen jokaera sexisten aurkako protokoloa berrikus dezan. Horrela, bada, teknikariek eta batzordekideek egindako gomendioei jarraiki, Udalak informazio kanpaina abiarazi du erasoen aurkako udal aplikazio berria ezagutzera eman eta erabilera sustatzeko.

ERASORIK GABEKO JAIEN ALDE

"Momentu garrantzitsu batean, Karmengo jaietan, hain zuzen ere, sortu da aplikazioa. Nahi nuke Barakaldo Beldurrik Ez aplikazioa inork ez behar izatea, baina barakaldar guztiak bultzatu nahi ditut tresna deskargatzera, eta, behar izatekotan, poliziari deitzera, aplikazioa ez baitago soilik emakumeen zuzendua, baizik eta LGTBIQ+ kolektiboko kideen segurtasuna hobetzera ere", adierazi du alkateak.

Bide batez, berriz azpimarratu du "jai seguruak izan nahi ditugula, eta errespetua eta tolerantzia direla edozeren oinarri, eta ez ezetz dela, gauza ororen gainetik".