Getxoko Udalak kontuan hartuko ditu herritarren ekarpen batzuk udalerriko Areeta, Zugatzarte eta Algorta etorbidetako hiri-eraldaketarako proiektuan.

Besteak beste, hauek izango dira aurrera eramango diren proposamenak: Andres Isasi Musika Eskolaren eta Ama Mesedeetako elizaren aurreko espazioetan zuhaitz eta berdegune gehiago jartzea; oinezkoen segurtasuna erraztea Musika Eskolaren aurrean, eta Mesedeetako kalearen eta Areeta etorbidearen arteko bidegurutzean kendu beharreko aparkalekuen kopurua murriztea.

Ekarpenok kontuan hartuko dira hiribideen eraldaketarako proiektuan. Maiatzean egindako hiru erakusketen emaitza dira. Guztira 67 ekarpen jaso ziren web eta postontzi elektroniko bidez (baliozko 60). "Alde batera utzi dira proiektuaren aurkako edo aldeko iritziak, bai eta proiektuarekin loturarik ez dutenak ere, eta kontuan hartu dira herritarrak kezkatzen dituzten gaiei buruzko konponbiderako ekarpenak; izan ere, ekarpen horiek erantzun arrazoitua jaso baitezakete, arrazoi teknikoak baliatuz ekarpen horiek proiektuan sartzea edo ez sartzea bidezkotze aldera", adierazi du Janire Ocio Azpiegitura, Obra eta Zerbitzuetako zinegotziak.

PROIEKTUAN SAR DAITEZKEEN IRADOKIZUNAK

  • Proiektua itsasoaren aldean lerrokadura-zuhaitz gehiago jartzen saiatuko da, baina espaloian dauden zerbitzu ugariek baldintzatzen dute horren bideragarritasuna.
  • Berdegune eta zuhaitz gehiago jarriko dira Andres Isasi Musika Eskolaren eta Mesedeetako elizaren aurrean, eta horien bideragarritasuna bateragarri egingo da egungo lurzoruen azpiko zerbitzurik gabeko espazioarekin.
  • Oinezkoentzako pasabideetan kale atseginagoak eta segurtasun handiagoa izate aldera, oinezkoentzako eta ibilgailuentzako plataforma bakarra egingo da Musika Eskolaren aurrean, harik eta elizako sarrera igaro arte.
  • Argiztapenak inguruko estetika hobetuko du eta biribilguneetan eta oinezkoentzako pasabideetan indartuko da, baita pasabide eta gurutze nagusietan ere. Era berean, argiztapenaren estilo klasiko bat mantenduko da Musika Eskolaren inguruan.
  • Mesedeetako kalearen eta Areeta etorbidearen arteko bidegurutzea berrikusiko da, hasierako proiektuan kendu beharreko aparkaleku-kopurua murrizte aldera.
  • Segurtasuna sustatuko da zirkulazioen banalerroan, eta seinaleztapena oinezkoen pasabideei, igarobideei, kaleen gurutzaketei eta biribilguneei lehentasuna emateko.
  • Zugatzarteko lorategietako berdeguneen eta bideen arteko integrazioa areagotuko da, eta kaleen elkarguneetan hormigoizko hesiak edo itxiturak kenduko dira.

PROIEKTUAN SARTU EZ DIREN IRADOKIZUNAK

Kontuan hartu ez diren iradokizunen artean, hala nola Algortarako norabidean errei bakarra uztea, adierazi behar da gaur egun Zugatzarte hiribidean egunean % 71,42 ibilgailu gehiago dagoela Algortarako norabidean, Lertegiko bidegurutzetik Areetarako norabidean baino. Gainera, Algortarako noranzkoan bidegurutze ugari daude (egunean 3.870 ibilgailu baino gehiago ibiltzen dira Pinar alean, eta bertara sartzen dira ibilgailuok, edo Lertegi, 3.350 ibilgailu baino gehiagorekin), Klubeko irteera, Zugatzarte 20-22, Andrés Larrazabal, Ondategi, Cervantes eta abarreko pasabideak. Areetarako norabidean, aparkaleku gutxi batzuk dituzten etxebizitzetako edo kaleetako pasabideetarako sarbideak daude; hala, bizikleta-kotxe bidegurutzeetako elkarreragina handiagoa da kontrako aldean. Beraz, Algortako noranzkoan ezin da erreirik kendu.

Zugatzarteko lorategietan ez da jardungo, planteatu den bezala, herritarren aisiarako eta gozamenerako gunetzat hartzen baita, eta berdeguneak areagotuko dira. Ezin izango da bereizgailu opakurik izan bizikleten eta ibilgailuen zirkulazioaren artean, elkarreragin-eremu zehatz batzuetan ikusmen-bereizgailuak zailduko litzatekelako.

Bidegorria Zugatzartetik hurbilen dagoen erreira pasatzeko eskaerari dagokionez, horrek txirrindularientzat, oinezkoentzat eta ibilgailuentzat segurtasun falta ekarriko luke, Barria eta triangeluaren artean dauden kale guztietara sartzeko birak daudelako.

BEHIN BETIKO PROPOSAMENA

Ekarpenak jaso ondoren Udal Gobernuak aurreikusten du obra, zeinaren premisak mugikortasun jasangarria, segurtasuna eta efizientzia energetikoa diren, azaroan hastea, 6 hilabeteko egikaritze-epearekin.

Gogoratu beharra dago proiektuaren jarduera nagusienetakoak honako hauek direla: herritarrak egoteko eta gozatzeko bi gune prestatuko dira, Areetako Andrés Isasi Musika Eskolaren aurrean eta Ama Mesedeetako elizaren aurrean; zirkulazioa berrantolatuko da eta lasaituko da hainbat bidegurutzetan, biribilguneak sortuz: La Avanzadan eta Arriluze-Ereagarako zuzengunean, Lertegi kalean, Andrés Larrazabal eta Areeta etorbidearen elkargunean, eta Pinar eta Club kaleetako sarbidean; joan-etorriko bidegorrien sareari jarraipena emango zaio trazatu osoan, kasu batzuetan beste bidegorri batzuekin konektatuz eta etorkizuneko loturekin lotzeko aukera emanez; espaloiak zabalduko dira, autobus-geltokiak bereiziko dira, eta herriko argien eraginkortasun energetikoa hobetuko da led argiekin, kontsumoan % 45 aurreztuz.

Proiektuak 5.000m2 baino gehiago irabazten dizkio ibilgailuari mugikortasun iraunkorraren alde, eta 1.300m2 baino gehiago galtzadari, aisialdirako eta pertsonen gozamenerako guneen alde; 34.000 m2 baino gehiagoko azaleran egingo dira lanak eta zortzi jarduera nagusi planteatzen dira hiri-bilbean ia 2 km bide integratzeko.