GETXO. Herritarren artean edukiontzi marroia edo bosgarren edukiontziaren erabilera sustatzeko kanpaina berri bat jarri du martxan Getxoko Udalak. Edukiontzi horiek materia organikoa birziklatzeko erabiltzen dira, baina jende askok oraindik ez ditu erabiltzen edo erabilera txarra ematen die.

Foru Aldundiak duela bi hilabetetik hona edukiontzi horretan haragi- eta arrain-hondarrak uzteko aukera ematen duela aprobetxatuz, Udalak informazio-orri bat jarriko du udalerriko atari guztietan. Orri horretan, honako hauek gogoraraziko dira: zerbitzuan alta emateko modua, isuri daitezkeen hondakin-motak, landareentzako eta loreentzako poltsa konpostagarrien eta ongarri-pakete txikien aldizkako oparia, eta lorezaintzako mantentze-lanak edo berdeguneak dituzten auzo-komunitateek edukiontzi marroiaren erabilerarako txartela eskatu ahal izango dute, inauste-hondarrak botatzeko.

"Orain gertuago gaude 2022rako jatorrian %50eko bilketara iristeko erronkatik; izan ere, duela gutxi, Foru Aldundiak haragi eta arrain hondakin gordinak eta kozinatuak edukiontzi marroian onartzea erabaki du. Horretarako, beharrezkoa da getxotarren lankidetza eta herritarrak eta erakundeak materia organikoaren birziklapenean inplikatzeko kanpainak egitea, jatorrian hautatutako hondakinak herritarrengana itzultzen diren baliabideetara igarotzean ematen dituen onurengatik, adibidez, landare eta loreentzako konposta edo ongarria”, adierazi du Joseba Arregi Ingurumen Kalitateko zinegotziak.

ZER BIRZIKLATU ETA NOLA ALTA EMAN

Edukiontzi marroian, animalia-jatorriko hondarrez gain (haragi, hestebeteak, arrain eta itsaskiak, arrautzak eta horien oskolak, hezurrak eta gazta), kozinatuak edo gordinak, honako hondakin hauek ere bota daitezke: begetalak (fruituen hondar eta hezurrak, ortuariak, lekaleak, barazkiak, pastak eta arrozak, haziak, fruitu lehorrak eta horien oskolak, zerealak), kozinatuak edo gordinak; loreak eta landareak, belarra eta inauste-hondarrak, ogia, gailetak eta opilak, sukaldeko papera, paperezko ezpainzapiak eta mahai-zapiak, kafe-poso eta -iragazkiak, txikoria, infusio-poltsatxoak, kortxo naturaleko tapoiak, kartoizko arrautza-ontziak eta kartoi ondulatu zikina (guztiak materia organikoz bustiak), brotxetetarako edo beste elikagai batzuetarako zotzak, izozki-makilak eta antzekoak, algak, alpistea, gozokiak, irina, marmelada edo poltsa, ontzi eta tresna konpostagarriak.

Gainera, aipatu bezala, organikoa banatzen duten eta edukiontzi marroia erabiltzen duten pertsonak, 17 astean behin, 37 poltsa konpostagarri eta lore eta landareentzako ongarri-ontzi txikiak eskuratu ditzakete dohainik, Algortako Urgull kaleko udal-bulegoetan, Romo Kultur Etxean eta Fadura eta Gobela kiroldegietako hallean jarritako lau makinetan.

Interesatuek alta eman dezakete zerbitzuan eta edukiontzia irekitzeko txartela eska dezakete web orrialde honetan. Baita Algortako (Torrene kalea 3) eta Areeta-Romoko (Las Mercedes kalea 13) Herritarren Arretarako Bulegoetan ere, non ongietorri-kita (aireztatutako edo zulatutako kuboa etxean erabiltzeko, poltsen biribilki bat eta zer hondakin birzikla daitezkeen azaltzen duen iman bat) jasoko duten. Zerbitzuari buruzko informazio gehiago edo zalantzak argitzeko 94 464 43 80 telefono zenbakira edo getxo@getxoR2022.com posta elektronikora jo.