Sopelako Udalak proiektu garrantzitsu bat abiarazi du udalerri erdialdean oinezkoen mugikortasuna hobetzeko. Erdiguneko ibilgailuen trafikoaren zati handi bat murriztu eta bizilagunentzako ingurune atseginago eta seguruago bat bihurtzeko helburua duen ekimena da.

Proiektu honen bidez bide-segurtasuna hobetu nahi da, eguneko zirkulazioa 2.500 ibilgailu ingurura murriztuz eta 16.000m2 baino gehiagoko pertsonentzako espazioa sortuz. Zentzu horretan, San Pedro elizaren ingurua Jauregizar Plazarekin bateratzea aurreikusten da, oinezkoentzako eremu esklusibo eta aisialdirako gune bihurtuz. Esku-hartzearen ondorioz, erdialdean aparkatzeko tokiak kenduko lirateke eta trafikoa berrantolatuko litzateke. Eleizalde eta Landa Doktorearen kaleen kasuan, urtarrilean hasitako prozesuarekin jarraitzea eta zona osoa oinezkoentzako gune bihurtzea aurreikusten da, ibilgailuak bakarrik pasako dira garajeetara sartu eta ateratzeko eta zamalanak egiteko.

Bestalde, aparkalekuari dagokionez, txandaka doan aparkatzeko eremu bat diseinatzea aurreikusten da eliza parean, Bidebietan proiektatutakoaren osagarri gisa. Halaber, 170 plaza izango dituen lurrazpiko aparkalekua egiteko aukera planteatu da.

Baina "hurrengo urratsak eman baino lehen, eta aurreko okasioetan egin dugun moduan, sopeloztarren iritzia ezagutu nahi dugu, proposamen adostua lortu nahi dugu auzotarren parte-hartzetik abiatuta. Sopeloztarren ekarpenak eta iradokizunak kontuan hartzea ezinbestekoa da, azken finean, eurengatik eta eurentzako egindako proiektua da", baieztatu du Josu Landaluze alkateak. Gauzak horrela, apirilaren 15ean, 18:00etan, Kurtzion herritarrentzako saio irekia antolatu da. Halaber, apirilaren 16an, ostirala, 16:00etatik 19:00etara eta larunbatean, hilak 17, 11:00etatik 14:00etara, informazio karpa bat instalatuko da Jauregizar Plazan, herritarrei proiektuaren inguruko informazioa eskaintzeko baita euren iritziak jasotzeko ere.

Udalak herritarrei ahotsa eman nahi die, baita euren interes eta kezketara hobekien egokitzen den proiektua diseinatu ahal izateko euren iritziak gertutik ezagutu ere, hortaz, auzokideak prozesuan parte hartzera animatzen ditu.