GETXO. Espainiako Batzorde Olinpikoak (COE) domina eman dio Raspas del Embarkadero Klubeko arraunlaria den Virgina Díazi kirol-merituen aintzespen gisa. Virginia Díazek Europako txapelduna eta txapeldunordea eta Espainiako txapelduna izatea lortu du azken bi denboraldietan, arraunketa olinpikoaren hainbat modalitatetan.

Asunción Loriente Espainiako Arraun Federazioko lehendakariak domina eman dio kirolariari, "gure kirolak dituen balio guztien adibidea", udaletxean egin den ekitaldian. Horretan, Amaia Agirre alkateak anfitrioi gisa jardun du, udalbatzako ordezkaritza batekin eta Areetako klubeko talde teknikoko eta zuzendaritzako kideekin batera, besteak beste.

Virginia Díaz oso harro agertu da aintzatespen horrengatik, eta eskerrak eman nahi izan dizkie erakunde publikoei eta haren klubari eskainitako babesarengatik: "zuen aldetik jartzen duzuelako nik eguneroko lanean jardun ahal izateko. Oso zoriontsu egiten nau denok amets beraren alde lan egiteak", esan du.

Agirre alkateak, bestalde, ohore deritzo Raspaseko arraunlariari egindako aintzatespen horri, eta hau adierazi du: "Bizi dugun testuinguru honetan, lorpenak eta albiste onak are gehiago gozatzen diren honetan, zure adibideak harrotu egiten gaitu eta balio pedagogiko handia du: ondo egindako lanak eta ahalegin pertsonalak ezartzen ditugun helburuak lortzea ahalbidetzen digutela egiaztatzea da; era berean, helburu horiek lortzeko talde handi baten zaintza eta lankidetza behar dugula erakustea da, kirolean, gure bizitzako beste edozein esparrutan bezala, besteen beharra baitugu. Eta, azkenik, eta ez garrantzi gutxiagokoa, zure ibilbidea erreferente argia da kirolari gazteak motibatzen eta bultzatzen dituena arrakala irekitzen jarraitzera eta kirolean ere berdintasunaren arloan aurrera egitera".

Raspas Arrauneko arraunlaria Espainiako selekzioarekin elkartuko da berriro urtarrilaren 10etik aurrera, Banyolesen, 2021ean izango dituen kirol-konpromiso garrantzitsuak prestatzeko.