GETXO. Joan den asteburuan Getxoko Udalak kontrolak areagotu zituen, koronabirusaren pandemia dela eta jende gehiegi ez biltzeko. Hala ere, Getxoko Udaltzaingoak 40 salaketa baino gehiago bideratu egin ditu. Batzuk maskara ez eramateagatik, beste batzuk bide publikoan edariak kontsumitzeagatik, eta abar.

Salaketen erdiak Romon egin ziren. Herritarren Segurtasunerako arloko agenteek 80 gazte baino gehiago topatu zituzten ikastetxe bateko patioan edari alkoholdunak kontsumitzen. Alkoholaren zati bat konfiskatu eta 13 pertsona identifikatu zituzten, eta kalean edo espazio publikoetan taldeko kontsumoa debekatzen duen araudiaren arabera salatu zituzten.

Era berean, Getxoko udaltzainek Algorta auzoko hainbat ostalaritza-establezimenduren aurkako salaketa jarri zuten, ordutegia ez betetzeagatik eta lokaleko bezeroei edariekin bide publikora sartzen uzteagatik.

Algortan ere, gazte bati bozgorailu handi bat konfiskatu zioten eta goizaldean erabiltzeagatik zigortu zuten.

ZURRUMURIK EZ BINETAK HAINBAT TOKITAN

Zurrumurrurik Ez Estrategiak, Bilbo, Gasteiz, Basauri eta Leioako sareekin elkarlanean, sentsibilizazio-jarduera bat diseinatu du, Quan Zhou Wu ilustratzaile eta arrazismoaren aurkako ekintzailearen eskutik. Kultur aniztasuna oinarri izanda, diskriminazioa prebenitu eta bizikidetza sustatu nahi duen ekimen horren helburua da, ilustrazio eta adierazpenen bidez, atzerritarren eta arrazen inguruko zurrumurru eta aurreiritzi larriak diluitzeko gakoak ezagutaraztea.

Bineta horiek herriko hainbat tokitan eta sare sozialetan ikusi ahal izango dira, abuztuko asteetan eta irailaren lehenengo egunotan.