GETXO. Getxoko Udalak 1.654.000 euro bideratuko ditu Satistegi ingurua eta Los Chopos parkea konpontzeko egingo diren obretara. Lanak abuztuan hasiko direla aurreikusten da, eta urtebete iraungo dute.

Proiektua, horma mikropilotatuaren sistema bidez garatuko da, Satistegiko bidean, eta ainguraketa berrien bidez Los Chopos parkean, kale horretako bidea oinarritzen den mendi-hegalaren segurtasuna eta egonkortasuna hobetzeko; eta, horrekin batera, gainerako egiturena ere, Los Chopos parkea esaterako. 12.000 m2-ko azalera du eremu horrek eta Ereagako kairaino jaisten da.

Ezegonkortasun ugariz betetako historiala duen eremu bat da, garrantzitsuenak 1985ean eta 2006an gertatu zirenak dira, lur-jausi handi bat gertatu zenean - Satistegi kaleko beheko bideei eragin ziena - eta lur-jausi txiki bat gertatu zenean - Mendi-hegalaren mendebaldeko sektoreari eragin ziona -, hurrenez hurren.

HIRU SEKTORETAN BEREIZITAKO JARDUERAK

Proiektuak, halaber, eremu hori berriro urbanizatzea aurreikusten du, bide publikoa zolatzea eta azpiegitura-sareak (saneamendua, hornidura eta argiteria) berrantolatzea barne. Jarduerak bereizitako hiru sektoretan egingo dira: mendebaldean, ekialdean eta Los Chopos parkean.

Mendebaldeak 7 metroko zabalera duen bideari egiten dio erreferentzia. Satistegi kaleko 5. zenbakiaren parean hasten da, eta kale bereko 9. zenbakiko etxebizitza-blokearen parean dagoen begiratokira jaisten da. Zoladuran eta kanpoko hormatxoan hondoratzeak eta arrakalak dituen bidea da. Bide hori egonkortu egingo da horma mikropilotuaren bidez; argiteriaren kanalizazio berria egingo da eta 14 argi-puntu jarriko dira; hiri-altzariak atonduko dira paperontziekin, bankuekin eta lorontziekin; eta seinaleztapen bertikal zein horizontala jarriko da.

Ekialdeko sektoreak 5. zenbakiko etxebizitza-blokearen inguruko eremua hartzen du, eta bertan finkatuko dira eraikin horretako garajeetarako eta atarietarako sarbidea ematen duten bideak eta espaloiak. Mazelaren goiko aldeko segurtasun-faktorea areagotuko duten mikropilotezko bi pantailen bidez eutsiko zaio lursailari.

Azkenik, Los Chopos parkeak Satistegi kaleko galtzaden barruko oinezkoen eremua hartzen du, zuhaitzekin, lorategiekin eta bankuekin. Hainbat altuerako hormez mugatutako plataforma batzuk dituen parkea da. Harmailek eta terrazek lotzen dituzte plataforma horiek, eta goikoa da erabilera nagusikoa. Hainbat horma berreraikitzea eta sendotzea aurreikusten du jarduketak, ainguraketen bidez, baita zoruak eta zoladura berritzea ere. Hiri-altzariei dagokienez, beste iturri bat jarriko da, paperontziekin, bankuekin eta lorontziekin batera.

Obrek irauten duten bitartean, bizilagunei ahalik eta eragozpen gutxien eragiteko bitartekoak jarriko dira. Gainera, begiratokiraino iristen den adarrean pasabide bat jarriko da oinezkoentzat, 7 eta 9 zenbakietako atarietara sarbidea errazteko, eta larrialdietako ibilgailuentzat.