BARRIKA. Barrikako Udalak, koronabirusak eragindako konfinamendu garaia eramangarriagoa egiteko asmoz, herritarren artean hainbat ekintza sustatu ditu. Horietako bat, azkenengoa, 'Barrika Etxetik' izeneko argazki-lehiaketa da. Ekintza horren helburua da Barrikako bizilagunek euren leihoetatik edota balkoietatik argazki bat egitea.

Roberto Muñoz alkateak azaldu duenez, jardueraren helburua da "herritarren parte-hartzearen bidez, konfinamendu egunak jasangarriagoak izatea, eta, horrela, berrogeialdian zehar denok batera egiteko ekintzak sustatzea".

Hiru opari-txartel emango dira Facebook eta Twitter sare sozialen bidez #BarrikaEtxetik traolarekin argitaratutako argazki guztien artean, prentsa@barrika.eus helbide elektronikora bidalitakoez gain (aipatutako sarerik ez dutenek beren izena, abizena eta telefono bat adierazita bidali beharko argazkia), apirilaren 16tik maiatzaren 3ra bitartean: lehenengoarentzat 125 eurokoa, bigarrenarentzat 100 eurokoa eta 75 eurokoa hiru-garrenarentzat. Zenbat eta argazki gehiago igo, orduan eta aukera gehiago izango dituzte parte-hartzaileek saria lortzeko.

Gainera, argitalpenak euskaraz zein gaztelaniaz egin daitezke, eta irabazlea aukeratzeko ardura ekainean udalerrian egiten den argazki-lehiaketan parte hartu ohi duen eta hura baloratzen duen pertsona-taldeak izango du, argazki guztiak haiei bidaliko zaizkie-eta.

Gogorarazi beharra dago saria ezin izango dela eskudirutan duen balioagatik trukatu, eta argazkiek kalitate-baldintza batzuk bete beharko dituzte. Oinarri oso guztiak Barrikako Udalaren webgunean daude ikusgai.