Edukiontzi berriak Getxon ezartzearen ondorioz, ehuneko 13 puntu igo da HH-Hiri Hondakinen gaikako bilketa udalerrian. Horrek esan nahi du edukiontzi zaharrak gaur egungoekin ordeztu zirenetik eta gaur egun arte, urtero 3.000 tona hondakin gehiago biltzen direla gaika, urteko 29.000 tona horietatik 10.000 tonara iritsi arte (gainerako 19.000 tonak "errefusa" zatiari dagozkio, edukiontzi grisari, alegia). Hedapenaren ondorioz, gaikako 951 edukiontzi gehiago jarri dira, eta, gaur egun, 1.613 edukiontzi daude guztira; "errefusa" frakzioko 574 edukiontzi grisak gehituta 2.187 edukiontzi daude guztira.

Bizkaiko datuen batez bestekoaren gainetik

2018an, Getxon, biztanleko eta urteko sortutako kilo kopurua honako hau izan zen: 41 kg paper (Bizkaian, aldiz, 30 kg), 21 kg ontzi (Bizkaian, 16 kg), 24 kg beira (Bizkaian, 33 kg) eta 256 kg errefusa (Bizkaian, 284 kg). Beraz, Getxoko datuak Lurralde Historikokoen gainetik daude:% 37 gehiago paperean, % 31 ontzietan,% 40 beiran eta % 10 gutxiago errefusaren zatikian.

Hondakinen metaketa errazte aldera, Tokiko Gobernu Batzarrak aste honetan esleitu ditu, 112.119 euroan, ontzien edukiontzietan (horiak) eta paper/kartoiaren edukiontzietan (urdinak) aho-sistema instalatzeko lanak. Sistema horri esker, gainera, estalkiak eskuarekin ez ukitzeko herritarren eskaria ase ahal izango da.

Ahoak ipintzeko lanak 2020ko lehen hiruhilekoan hasiko dira, eta udarako amaituta egongo dira.

Jarduketa hori, alde batetik, 2019rako Partaidetza-Aurrekontuen barruan kokatzen da; aurrekontu horietan, herritarrek lehenetsitako aukera edukiontziak aldatzeari buruzkoa izan zen, horiek irisgarriago egiteko; eta, bestetik, udal gobernuak EH-Bildurekin duela urtebete sinatu zuen Hiri Hondakinei (HH) buruzko akordioan, 2022an gaikako bilketan eta bereizketan birziklapenaren%50era iristeko erronkan aurrera egitea ahalbidetuko duten ekintzak inplementatzeko, Europako zuzentarauei jarraituz.

Ildo horretan, adierazi behar da 2019an hondakinen birziklatze-tasa% 34,55ekoa izango dela, eta aurreko urtean% 31,31koa izan zela; beraz, Getxo gero eta gertuago dago aipatutako erronka horretatik.