GETXO. Pablo Viar zuzendari eszeniko famatuak asmatutako proiektu honek Getxoko kultura aniztasuna erakutsi eta bertoko elkarte-egituraren partaidetza bultzatzea ditu helburu nagusiak. Horretarako, lehen mailako talde artistikoa eta dantza eta kantu hogei talde getxotar baino gehiago bildu ditu.

Ikuskizunaren dramaturgia Javier Liñerarena da, Unai Elorriagaren testuak oinarri hartuta eta eszenografiaz eta musikaz, José Luis Raymond eta Miguel Salvador arduratu dira, hurrenez hurren. Horrezaz gain, hamabi aktore profesionalek parte hartuko dute zentroko Ereaga areto nagusian egingo den lan honetan. Lau egunez, zenbait saio izango dira bertan eta horien ordutegia laster jakinaraziko da. Lana ikusteko gonbidapenak Algortako eta Romoko Kultur Etxeetan jaso ahal izango dira urriaren 14an hasita.

Ikuskizun eszenikoa hiru artista getxotarren zenbait ikuslanekin osatuko da. Merce Zuluetak Mandalas de mujer erakusketa egingo du eta horretan itsasertzean batutako materialez eginiko piezak bildu ditu bertoko emakumeren lana goresteko asmotan.

Pablo Zabala sortzaileak udaleko artxibotik hartutako argazki batez baliatu da margolana sortzeko. Azkenik, Ibon Garagarzak Fingers pointint at instalazioa egin du. Hasiera batean lana zenbait kokapenetan banatuko da eta, ondoren, San Nikolas plazako liburutegiko horman batuko da. Pieza guztiak Muxikebarrin zein kanpoan izango dira ikusgai azaroaren 11tik aurrera.

Ikuskizunaren garapenarekin batera, lan nagusia diseinatu duten profesionalek masterclass-ak eskainiko dituzte proiektuan parte hartzen dutenentzat eta horretan interesatuta dagoen publikoarentzat. Saio horiek Ereaga aretoan izango dira eta zenbait diziplina eszenikoren oinarriak ezagutzeko aukera emango dute: zuzendaritza artistiko (Pablo Viarren eskutik), eszenografia (José Luis Raymonden eskutik) eta argiztapen-diseinua (Carmen Martínezen eskutik).

Gainera, Unai Elorriagak “Getxori buruz idatzi” izeneko klasea emango du. Saio horietarako gonbidapenak Algortako eta Romoko Kultur Etxeetan jaso ahal izango dira urriaren 7an hasita.

Herritarren partaidetza

Pablo Viar antzerki-, opera- eta zarzuela-zuzendariak, azkenaldi honetan besteak beste Guridiren “El Caserío” lana Madrilgo Teatro de la Zarzuelarako ekoiztu duenak, asmatutako proiektuak taula gainean jarriko du Getxoko elkarte-egituraren garrantzia. Kultura-elkarteen, dantza eta antzerki eskolen, abesbatzen eta artista plastikoen lanaren bitartez herritarrak protagonista bilakatzen ditu.

Adin guztietako getxotarrak bilduko dira ikuskizun honetan eta, horiez gain, bertoko ikastetxeetako ehunka ikaslek ere parte hartuko dute artisautza-mozorroen tailerren bitartez. Tailer horietan eginiko piezak San Nikolas plazan erakutsiko dira emanaldien aurretik eta baita Ereaga aretoan ere, saioak abian direla.