BILBO. 46 konpainia izango dira Leioako Umore Azokan maiatzaren 16tik 19ra. Egitarauak 120 emanaldi baino gehiago aurreikusten ditu eta horien artean 19 estreinaldiak izango dira.

Umore Azoka Leioako XX. edizioaren programazioaren aurkezpena gaur goizean egin da Leioako Artaza Jauregian. Ekitaldian Mari Carmen Urbieta Leioako Alkatea eta Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailburuordea egon dira. Halaber, bertan egon da Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kulturako Foru Diputatua Lorea Bilbao. Eusko Jaurlaritzarekin eta INAEMekin ?Kultura eta Kirol Ministerioaren esku dagoen erakundea? batera, ekitaldi honen laguntzaile nagusia da Aldundia.

Mari Carmen Urbietak azpimarratu duenez, hogeigarren urtez jarraian, Leioa “Kaleko Arteen hiria bilakatzen da”. Alkateak adierazi duenez, udalerriak ekitaldiarekin duen harremana jarduerak antolatzetik haraindi doa, eta azokaren beharrak kontuan izan dira hiri garapena diseinatzeko orduan. “Sabino Arana kale berriztatuak hainbat ikuskizun jasoko ditu, sortu berri den aisiarako gunean, eta horrek, hiri atseginagoa eta hobeto prestatua eratzeko egin dugun apustuari erantzuten dio”.

Urbietak gogorarazi du, baita ere, Udalak esfortzua egiten duela urtero azokaren kalitateari eusteko, eta pozik agertu da hogei urteko konpromisoaren ondoren lortutako emaitzarekin. “Esfortzuak merezi du, Umore Azoka Leioa, gure ekonomiarako, kulturaren sustapenerako eta kaleko profesionalentzako eta artistentzako” erreferentziazko hitzordu gisa finkatu dugulako. Horrela, alkateak Umore Azoka Leioak duen garrantzia azpimarratu du, ekitaldi hori baita EAEn euskal konpainia gehien biltzen dituena.

Iaz 37.000 pertsona inguru hurbildu ziren azokaren ikuskizun artistikoren batera, eta horrek argi eta garbi erakusten du Azokaren erakarpena. “Eskerrak eman gura dizkiet, Kultura sailetik hasi eta udal talde teknikoetara eta mantentze lanetako langileetara, urtero Umore Azoka Leioak arrakasta lor dezan ezinbestekoa den esfortzu horretan parte hartzen duten guztiei”, adierazi du Urbietak.

Amaitzeko, alkateak bertako talentuari ematen zaion laguntza aipatu du, aurten, laugarren urtez jarraian “Tokiko Eszena” ekimena eramango baita aurrera. 2019an Leioako 3 konpainiak hartuko dute parte: Leioako Musika Bandak, “A Day at the Circus, ¡Pasen y vean!” lanarekin (Musika); Fidias Fundazioak, “The Last Wimba-Dinkas” (Hiriko dantzak) ikuskizunarekin; eta Zirkun Zirko Eskolak, “Zirkun txiki ikuskizuna” (Antzerkia eta Zirkua) emanaldiarekin.

46 konpainia eta 120 emanaldi baino gehiago

Programazioari dagokionez, XX. edizioa kalitateak, aniztasunak eta orijinaltasunak markatuko dute, Batzorde Artistikoak 620 proposamen baino gehiagoren artean aukeratu baititu parte hartuko duten konpainiak. Horrela, Umore Azoka Leioa 2019ko programazioak, 120 emanaldi baino gehiagora hurbiltzeko aukera eskainiko du, horietatik 19 erabateko estreinaldiak. Bertan, antzerkia, dantza eta zirku garaikidea izango dira ardatz nagusia, baina komediarako, musikarako, magiarako, dantza bertikalerako edo ekilibrismorako lekua ere egongo da.

Sorkuntza sektorearen ikuspuntutik, Umore Azoka Leioak funtsezko erreferentzia izaten jarraitzen du Euskal herriko Kaleko Arteetarako. Horrela, parte hartuko duten 19 euskal konpainien artetik, 15ek orain arte ikusi gabeko ikuskizunekin egingo dute, hau da, ekitaldi batean biltzen den estreinaldi eta euskal konpainia kontzentrazio handiena.

Estreinatu behar diren lanen artean hauek daude: Ana Capilla konpainiaren “Cajita de música” (Musika eta dantza); Circo Dabitxiren “La máquina y yo” (Antzerkia eta Zirkua); Demode Quartet-en “Epa Txiki” (Antzerkia eta musika); Dikothomia Cía-ren “e.go” (Zirkua eta Antzerkia); Goitiberaren “Yijaaa!!!” (Antzerkia eta Clowna); La Glo Zirko Dantza Konpainiaren “Sacred” (Zirkua eta Dantza Bertikala); Malas Compañías Zirko Taldearen “Prozak” (Zirkua eta Clowna); Organik Dantza Antzerkiren “Sardina freskue!” (Danza eta Antzerkia); Izen bereko konpainiaren “Reportero on Fire” (Clowna eta Performancea); Salitre Teatroren “Mr. Soft. Silence, dance o no!!” (Antzerkia eta Clowna); Toni La Salen “Txontxongilo bertsolariak” (Txotxongiloak eta Performancea); Trapu Zaharraren “Turistreando” (Antzerkia); eta Zanguango Teatroren “Al otro lado” (Antzerkia).

Leioa Kantika Koralaren “Kantiketan” lana ere erabateko estreinaldia izango da. Abesbatzen musikan, umorean eta dibertsioan oinarritutako emanaldi berezia prestatu du XX Umore Azoka Leioaren programa ofizialean parte hartzeko.

Euskal ordezkaritza hauekin osatuko da: Akelar konpainiaren “Al Baker’s Saloon” (Magia eta Antzerkia); Garazi & Cíaren “Erraia” (Ekilibrismoa, zirkua eta dantza); Intujai Teatroren “Aire hemendik” (Clowna eta Antzerkia); Malicia! Cíaren “El punto de la i” (Zirkua eta Antzerkia); eta Trakamatrakaren “Matraka ma non troppo” eta “Taller Trakamatraka” (Musika eta performancea).

Estatutik 19 konpainiak hartuko dute parte, erabateko 4 estrenaldirekin eta kaleko 3 estreinaldirekin, hauek, hain zuzen ere: Rolabolaren “Rock Circ” (Antzerkia eta Clowna); Vaivén Circoren “Esencial” (Antzerkia eta Zirkua); Nuc-en “Aigua”(Aireko dantza); El Feditoren “Oyún” (Zirkua); Jean Phillippe Kikolasen “Calor” (Txotxongiloak); Bucraá Circusen “El gran final” (Clowna); Cía Capicúaren “Koselig” (Magia); Cía Ytuquepintasen “JoJo” (Artea harearekin); Cía Nom Provisionalen “Qui cu qui qué quina” (Zirkua eta Antzerkia); Delrevés Danza Verticalen “Finale”; El que ma queda de teatreren “Antipasti” (Magia); Antón Coucheiro Cíaren “Sonámbulo” (Antzerkia eta Clowna); Sincronacidasen “Ohlimpiadas” (Clowna); Iker Gómez Dantza Konpainiaren “El pequeño lago de los cisnes”; Territorio Violeta ? Diminuto Teatro sobre ruedasen “Una situación insostenible” (Antzerkia); Le Guignol Orthopediqueren “Tutilimundi” (Txotxongiloak); Mariana Collado & Lucio A. Baglivoren “MYL” (Dantza); La Cueva Teatro de Calleren “#LaCampaña” (Antzerkia); eta Uparteren “Áureo” (Zirkua).

Nazioartetik 8 konpainia etorriko dira, erabateko estrenaldi batekin eta estatuko 7 aurkezpenekin: Collectif Eflirkoaren “Echos” (Dantza); Collectif Kaboumen “Systéme D” (Zirkua); eta Company Super Superren “Plouf et replouf” (Clowna) frantsesak. Eta Italiatik etorriko diren Jashgawronsky Brothersen “PopBins” (Zirkua); Kolektiv Lapso Cirken “11” (Zirkua); eta Tobias Circus/Due Etti e Mezooren “Equilibrium Tremens” (Clowna).

Programa ofiziala, “Piti peta Hofen Show” (Zirkua eta Dantza) ikuskizuna ekarriko duen Cíe LMP konpainia alemanak eta “An encounter” (Akrobazia lurrean) emanaldia eskainiko duen Jordi L. Vidal belgikarrak osatuko dute.

120 emanaldi baino gehiago horiek, 30 espazio eszeniko baino gehiago dituzten 13 kokalekutan ikusi ahal izango dira ostegunetik igandera: Errekalde Plaza, Udaletxea, Bulebarra, Aldapako Auditorioa, Sabino Arana, Udondoko Bulebarra, Errotako Aparkalekua, San Juan Plaza, Barandiaran Behekoa institutua, Euskal Etxeen Plaza, Ondiz, Jose Ramon Aketxe Plaza, eta Estartetxe kalea. Horrez gain, udalerriko zenbait gune, Estartetxe, Sakoneta, Udondoko Bulebarra edo Kultur Leioa, hartuko dituzten ikuskizun ibiltariak ere egongo dira.

Jarduera profesionalak

Baina Umore Azoka Leioa ez da ikuskizunak aurkezteko gune soila. Hasieratik, sektore barruan ezagutzak trukatzeko, elkartzeko eta gogoetarako gune gisa ere egituratu da. Hori dela eta, azokarekin batera zenbait jarduera profesional ere egiten da, eta horretarako mundu osoko 200 profesional baino gehiagok eman dute izena. Horien artean azpimarragarriak dira Sarearev-Antzokien Euskal Sarearen Batzar Nagusia; euskal konpainien proiektu eta prozesu artistikoen aurkezpena jasoko duen IV. Artekale-Sarea topaketa; eta arte eszenikoen merkatuaren etorkizuna eztabaidatuko duen COFAE Topaketa.

Horrez gain, Artekale Elkartearekin lankidetzan, Umore Meeting edo negozio bilera azkarrak ere egingo dira; une honetan penintsula iparraldean lanean ari diren Zirku elkarteen bilera; eta Euskadiko Kaleko Arteen Jaialdietako arduradunen topaketa.

Gainera, ostiralean, maiatzaren 17an, 14:30ean, XX. edizioan parte hartuko duten konpainiei eskainiko zaien harrera ekitaldi ofiziala ospatuko da eta Umore Azoka Leioa 2018ko sariak banatuko dira. Ekitaldia Mendibile Jauregian egingo da, eta Umore Azoka 2019 Sari Berezia ere bertan banatuko da.