Koronabirusaren pandemiak eragindako egoeraren ondoren edizio bat bertan behera utzi behar izan ondoren eta iazkoa egoera sanitariora egokitu behar izan eta gero, hemen da Betiondon ospatuko den Vertigo Rock jaialdiaren edizio berri bat, hamalaugarrena konkretuki. Jaialdia maiatzaren 13 eta 14an egingo da, eta 12 taldek hartuko dute parte. Kartelburua Dagoba laukote frantziarra izango da.

Nakkiga arabarrek emango diote hasiera jaiari ostiral honetan, hilak 13, 21:45ean. Ondoren, Cerebral Effusion taldearen muturreko soinuak entzungo dira. Wormed madrildarrek hartuko dute jaialdiaren gidaritza 23:45ean, eta Teethingek itxiko du Vertigoko lehen eguna 01:00etatik aurrera.

Larunbatean, maiatzak 14, Ermuko eta Eibarko Slide hirukoteak irekiko du jaialdia 16:40an, eta Blaze Out bartzelonarrek hartuko dute lekukoa 17:35ean. Incursed bizkaitarrek folk metal doinekin girotuko dute jaia, eta Ehun Kiloren heavy metal klasikoa izango dugu entzungai 19:40tik aurrera.

Jardunaldiaren bigarren erdia 20:45ean hasiko da Rise To Fall taldearen metal modernoarekin, eta horiek Dagoba jaialdiko kartelburuei emango diote bide. Frantziarrak 22:00etan igoko dira Betiondoko agertokira By night azken lana aurkeztera.

Jaialdiaren azken traka Vita Imana (23:35etatik aurrera) talde madrildarrak eta Cien Duros (00:50etatik aurrera) herriko boskoteak eskainiko dute.

Jaialdiaren antolakuntzak txosna jarriko du Betiondon edariak lortzeko, eta gune berean jateko aukera ere egongo da, Mañeko postuari esker.