Garai zailak dira ostalaritzaren sektorearentzako. Hori dela eta, koronabirusaren pandemiak ostalaritzaren sektorean eragindako kalte ekonomikoak gutxitzeko asmoz, Ermuko Udalak sektoreari bideratutako dirulaguntzen deialdi berri bat jarriko du martxan. Oraingo honetan 90.000 euroko aurrekontu-partida bideratuko du.

Laguntzak Ermuko ostalaritza-negozioen titular diren eta pandemian ezarritako neurrien eraginpean egon diren pertsona fisikoei, norberaren konturako langileei edo autonomoei, edo 50 langile baino gutxiago dituzten pertsona juridikoei/enpresei zuzenduta daude.

Udalak 900 euro arteko diru-laguntza emango dio establezimendu bakoitzari, osasun-larrialdiak eragindako zailtasunei aurre egin ahal izateko.

Deialdia urriaren 22ra arte egongo da zabalik, eta oinarrietan ezarritako baldintzak betetzen dituzten interesdunek eskabidea bide telematikoen bidez bete beharko dute, Ermuko Udalaren Egoitza Elektronikoaren bitartez.

ERMUKO OSTALARITZA-SEKTOREARENTZAKO LAGUNTZAK IZAPIDETZEA

Eskatzailea pertsona fisikoa bada, aurrez aurre aurkeztu ahal izango du eskabidea Abiapuntu bulegoan, astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 15:00etara.

Beharrezko informazio guztia bildu ondoren, onuradunei ordainketa bakarrean ordainduko zaie diru-laguntza.

Laguntza horiek Ermua Aurrera II. Planaren barruan daude. Plan horren helburua Covid-19aren pandemiak eragindako ondorio ekonomiko eta sozialak arintzea da.

Laguntza hauek jasotzeko oinarriak eta bete beharreko baldintzak esteka honetan kontsulta daitezke.