ERMUA. Koronabirusaren pandemiak eragindako egoera enpresa txikien digitalizazioa bizkortu egin du. Aurrerapauso hori errezagoa izan dadin, Ermuko Vluber start-upak ideia berri bezain originala garatu berri du: tokiko produktuekin erakundeetara egokitutako menuak egitea. Izarra Centre eraikinean kokatutako enpresa honetako lau langileek banaketa-zerbitzua duen elikagai-plataforma pertsonalizatu bat kudeatzen dute.

Vluberren helburu nagusia enpresetan elikadura osasungarria barneratu ahal izatea da, bertan lan egiten duten pertsona guztien gustuak kontuan izanda eta euren beharrizanetara egokituta. Horrela, urtebete baino gutxiagoko ibilbidean, jada Gamesa Gearbox, Hadimek edo ieTeam bezalako enpresak ditu bezero.

Helburu hori lortzeko, herriko start-upak erabiltzaileen beharrak eta kontsumo ohiturak aztertzen dituen plataforma sortu du, adimen artifiziala erabiliz. Langile bakoitzak bere erabiltzaile propioa du aplikazioan, eta lehenengo aldiz sartzen denean, hainbat galdera erantzun beharko ditu gustuen, kontsumo ohituren, kirolen, alergien eta abarren inguruan. Informazio horrekin, plataformak erabiltzaile profila sortzen du bakoitzaren esperientzia pertsonalizatzeko, eta adimen artifizialaren bitartez, bakoitzari ongien egokitzen zaizkion menuak proposatzen dizkio.

Menuak sortzeko enpresak erabiltzen dituen produktuen %80a tokikoak eta denboraldikoak dira, eta platerrak prestatzeaz gain, banaketaz ere arduratzen da.

Aplikazioari eta Big Datari esker, Vluberrek erabiltzaileen profilak kudeatu ditzake, eskaeren historikoa eta fakturak kontsultatu, eta enpresen kontsumo estatistikak aztertu.