ERMUA. Ezagutzera eman da dagoeneko asteburu honetan Ermua Antzokian eskainiko den zinema-programazioa. Ostegunetik igandera lau film proiektatuko dira. Lehenengoa, 'Sin señas particulares', bihar bertan eskainiko da.

Fernanda Valadezek zuzendu du immigrazioari buruzko drama, eta 2020ko Donostiako Zinemaldian Horizontes Latinos saria eskuratu du. Magdalenak ez du semeari buruz ezer jakin hilabeteetan, Estatu Batuetako muga gurutzatzeko asmoz herritik joan zenetik. Agintariek haren heriotza ziurtagiria sinatu dezan nahi dute, baina euren semea galdu duten guraso batzuekin topo egin ostean, hari zer gertatu zaion jakin gabe ezin duela bizi erabakiko du. Horrela hasiko da Mexikon barrena biziko duen odisea, indarkeriaz eta pobreziaz betetako guneetatik igaroz, edozein zantzuri jarraituz. Sin señas particulares ostegunean 19:00etan eskainiko da.

Programazio komertziala larunbatean hasiko da, Manual de la buena esposa zintaren lehen emisioarekin. Martin Provostek zuzendutako komedia dramatiko frantziarrak Juliette Binoche Oscar sariduna du protagonista. Paulette Van Der Beck eta bere senarra etxekoandreentzako eskola bateko zuzendariak dira; bertan, neska gazteei emazte perfektuak izaten irakasten diete. Etxea zaintzea eta ezkontideen betebeharretara makurtzea kexurik gabe: horixe da Paulettek gogo biziz erakusten duena. Baina bat-batean senarra hiltzen denean eta 68ko Maiatza iristen denean, alargunduta eta txiro, bere sinesmenak kolokan jartzen hasiko da. Eta emazte onak emakume libre bilakatuko balira? Manual de la buena esposa larunbatean eta astelehenean proiektatuko da 19:00etan.

Asteko bigarren film komertziala Salvaje thriller psikologikoa izango da. Russell Crowe eta Caren Pistorius ditu protagonista Derrick Borte zuzendari alemaniar-estatubatuarraren azken lanak. Tomentzat, bere bizitzak zentzu guztia galdu du. Kolapso mental bete-betean, Rachelekin topo egingo du errepidean, semea eskolara berandu daraman emakumea. Trafikoarekin urdurituta, Tomi bozina joko dio, semaforo berdean geldirik geratu dela eta mugitzeko adierazteko. Horren harira, eztabaidan hasiko dira, eta Rachelek barkamena eskatzeari uko egitean, jazarpen izugarria hasiko da, eta haserreak errepidean eragingo duen zurrunbiloak Rachelek inoiz imajinatu ez duen edozein muga gaindituko du. Salvaje gidari psikopatak aurkezten dituzten beste zinten adrenalinaren eta izuaren lekukoa jaso du, hala nola, El diablo sobre ruedas, Nunca juegues con extraños edota Death proof. Filma igandean eta asteartean izango da ikusgai 19:00etatik aurrera.

Haurrentzako zineari dagokionez, igandean 17:00etatik aurrera eskainiko da El pequeño vampiro. Animazio zinta honetan Little Vampire ezagutuko dugu, munstro alaiz osatutako talde batekin batera etxe sorgindu batean bizi dena. Hala eta guztiz ere, asper-asper eginda dago, eta gau batean, bere bulldog leialarekin batera etxetik ihes egingo du, abentura eta lagun berriak topatzeko asmoarekin.