AMOREBIETA-ETXANO. Zornotzako Nazioarteko Krosaren 67. edizioak badu data: 2021eko urriaren 24a. Koronabirusaren pandemiaren eboluzioari jarraituz, urtarrilaren 10erako aurreikusita zegoen ekitaldia hamar hilabete atzeratzea erabaki du Club Deportivo Zornotzak. Europako Atletismo Federazioaren (European Athletics) zirkuituaren barruan antolatutako lasterketa hau Jauregibarriako zirkuituan egingo da.

2021. urteko edizioa urriaren 24an ospatuko da Jauregibarriako zirkuituan. Data hori egutegian betikotu daiteke 2022ko kros denboraldia aurreratzeagatik. Atleten gogoa gorabehera, murrizketek lasterketen antolamenduen gain eragin nabarmena izan dute. Zornotza Nazioarteko krosaren kasuan, eskaini ohi dituzten hamaika lasterketetatik bi absolutuak bakarrik ospatuko lirateke.

Hala, atletismoaren munduan erreferentea den eta Europako Atletismo Federazioaren, ANOC-en (Kros Antolatzaileen Elkarte Nazionala) eta Espainiako, Euskal Herriko eta Bizkaiko Federazioen egutegian ere sartuta dagoen zirkuitu honek, bertan behera utzi edo atzeratu diren gainerako hitzorduekin bat egiten du, hala nola Atapuerca-ko krosarekin edo Italica-koarekin, horiek ere World Athletics zirkuituan sartuta baitaude. Azpimarratu behar da ez dela Amorebieta-Etxanon data hau atzeratzen den lehen aldia. 1983an, Ibaizabal ibaiak gainezka egin zuen Jauregibarriako zelaietan eta ondorioz, antolatzaileek bertan behera utzi behar izan zuten hitzordua.

Amorebieta-Etxanoko Udalak, probako babesle nagusietako bat den aldetik, Club Deportivo Zornotza-rekin batera elkarlanean jarraituko du Amorebieta-Etxano berriro ere nazioarteko kros zirkuituko hitzordu nagusietako bat izan dadin eta zornotzarrek punta-puntako nazioarteko atletez gozatzeko aukera izaten jarrai dezaten.