- Gaztedi Planaren barruan Durangoko Merinaldearen Amankomunazgoak haur eta gazteentzako aisialdiko eta denbora libreko begirale izateko ikastaro arautua emango du. Euskaraz emango den prestakuntza honek 150 ordu teoriko eta 160 praktiko izango ditu eta 18 eta 29 urte bitartekoei zuzendua egongo da. Eskualdeko gaztedi elkartea bultzatzen duten 13 udalerrietan erroldatuta dauden gazteentzat ikastaroa doakoa izango da eta irailaren 30era arte eman ahal izango dute izena.

Eskeinitako ikastaroa urrian hasiko da eta martxora arte luzatuko da Durangoko Ibaizabal ikastolan. Bertan Abadiño, Amorebieta-Etxano, Atxondo, Berriz, Durango, Elorrio, Ermua, Garai, Iurreta, Izurtza, Mallabia, Mañaria eta Zaldibarren erroldatuta dauden gazteek doan izen emateko aukera izango dute.

Horrela, Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatzen duen eta orain Mankomunitateak dinamizatuko duen Gaztedi Durangaldea programak gazteen laneratzea eta enplegagarritasuna hobetzeko ekintzak jartzea izango ditu helburu nagusiak. Mankomunitateko arduradunek azaldu zuten moduan “kolektibo horren enplegagarritasuna hobetzeaz gain, ikastaroaren bitartez euskarazko prestakuntza-eskaintza zabaltzen da, kasu honetan aisialdiko begirale-ikastaro arautu batekin”.

Prestakuntza osatzen dutenek haurren eta gazteen aisialdiko jarduerak dinamizatzeko profesionaltasun-ziurtagiria jasoko dute. Ikastaroan parte hartzeko irailaren 30era arte dago. Egungo egoeran plaza mugatuak izan behar dira eta horregatik aldez aurretik izena ematea beharrezkoa da.