- Gaur hasita, Abadiño eta Durangoko TAO zerbitzuak berriz ere martxan izango dira. Abuztuko zerbitzuaren etenaldia eta gero, Abadiñoko Udalak Matienako doako TAO zerbitzua berriz ere abiatu du parkimetro bakar batekin. Durangon, aldiz, aparkaleku arautuak beti bezala funtzionatuko du.

Irailaren hasierarekin batera, TAO sistema duten eskualdeko udalerriek parkimetroak berriz ere zabalik izango dituzte ordutegi eta arau ezberdinekin. Abadiñoren kasuan, Matienako Nagusien Etxea eta Taberna Zarra biribilguneen artean dauden aparkalekuak arautzen dituen sistemak parkimetro bakar batekin funtzionatuko du gaurtik aurrera, gutxien erabili den parkimetroa kenduz.

Izan ere, udal arduradunek azaldu zuten moduan, bi parkimetroek funtzionatu duten hilabeteetan, batek %65eko erabilera-maila izan du, eta besteak, berriz, %35ekoa. Batez ere arratsaldeetan, parkimetro horren okupazioa oso txikia izan da horregatik aurrerantzean ez da erabilgarri egongo.

Bestalde, ekaineko datuei dagokionez, martxan jarraituko duen parkimetroak, 1.806 tiket eman zituen eta uztailean 2.578. Tokiko administrazioak azaldu zuenez, bi hilabete hauetan, TAO zerbitzuak errotazio handiagoa izan du hiru ordutegitan. Horrela, 10.00etatik 12.00etara okupazioa %29,44koa izan da, 12.00etatik 14.00etara %19,98koa eta 18.00etatik arratsaldeko 20.00etara, %15,98koa.

Durangok ere, gaurtik aurrera TAO aparkalekua martxan du. Ordutegia astelehenetik ostiralera goizeko 9.00etatik 13.30ra eta arratsaldeko 16.00etatik 20ra da. Larunbatetan goizean bakarrik funtzionatzen du eta arratsalde, igande eta jai egunetan ez dago zerbitzurik.

Zentzu horretan, eta datorren urteari begira, Durangoko gobernu-taldeak kontuan du TAO zerbitzuaren lizitazio prozesu berria eta bertan hainbat arazo konpondu nahi ditu udalak. Adibidez, ordenantza berri horretarako TAO nola aplikatu aztertu nahi da, edo zerbitzu hori herriko hainbat gunetan zabaldu edo murriztu behar den. Besteak beste, errotazio handiagoko eskaria duten oinarrizko zerbitzuguneak kontuan izango dira.