- Egungo egoeran eta uda bitxi eta ezohiko honetan Ganeko igerileku estaligabeak aisialdirako eta dibertsiorako puntu eta gune berezi bat bilakatu dira zornotzarrentzat. Izan ere, pasaden uztailaren 1ean ireki zenetik herritarrek erantzun oso positiboa izan dute eta dagoeneko 14.000 sarrera baino gehiago erregistratu dira. Horrez gain, asko dira egunero kiroldegian eskaintzen diren zerbitzuez eta umeentzako ur-jolas berriekin gozatzen jarraitzen dutenak. Igerilekuen udako denboraldia datorren irailaren 15ean amaituko da, egoerak horretarako aukera ematen badu eta erabiltzaile zein lagileen osasun eta segurtasun neurri guztiak bermatzen badira.

Prentsa-ohar baten bidez, Amorebieta-Etxanoko Udalak udako igerilekuetako datu positiboak baloratu nahi izan zituen, denboraldiaren irekieratik aurrera zornotzar askok Ganeko igerilekuetan eskainitako zerbitzuekin gozatzeko aukera izan dutela ziurtatuz. "Abuztuaren 6ra arte 14.000 sarrera baino gehiago izan dira udal instalazio horietan, eta eguneko erabiltzaile kopurua esanguratsua izan da", adierazi zuen.

Gaur egungo egoeran, osasun larrialdiak aurtengo instalazioaren irekiera eta funtzionamendua baldintzatu du, eta, horregatik, udalak funtzionamendu-protokolo zorrotza ezarri zuen, uztailaren 1etik aurrera aisialdirako zein atsedenerako gune honek erabiltzaile eta langile guztien osasuna eta segurtasuna bermatzeko helburu nagusiarekin. Horrela, eta bi txandatan irekita, goizez 10:00etatik 15.00etara, eta arratsaldez 16.00etatik itxiera ordura, pertsonak zenbatzeko sistema bat ezarri zen, bai instalazioetarako bai igerilekuaren barrualderako sarbidea jarraitu ahal izateko.

Zentzu horretan, udal arduradunek zornotzarrak zoriondu nahi izan zituzten "osasuna eta langileen osasuna bermatzeko helburuarekin igerilekuetan ezarritako segurtasun-arauak errespetatu dituztelako". Besteak beste, udalak hartutako arreta-neurrien artean instalazioak egunero garbitzea eta desinfektatzea, edukiera osasun-gomendioen arabera mugatzea, taldeen arteko tartea mantentzea eta gainerako erabiltzaileekin kontakturik ez izatea nabarmentzen dira.

Udalak abiatu zuen Kirolganeko kiroldegiaren eraldatze eta berritze prozesuaren barne, denboraldiko nobedade nagusien artean ur jolasen espazio berria dago. 311 metro karratuko azalerarekin eta 350.000 euroko aurrekontuarekin, ur-jokoen eremuak hamaika jolas-elementu ditu txikien irudimena, trebezia eta motrizitatea lantzeko. Hala nola, helize formako altuera handiko ur jolas bat, hainbat txirrista, norabidezko ur kanoi bat edo kupula, arku eta ur kanpaiez eraikitako elementu batzuekin gozatzeko aukera paregabea dago.

Egungo osasun egoerak ahalbidetzen badu Ganeko igerilekuak irailaren 15era arte zabalik egotea aurreikusita dago, langile zein erabiltzaileentzat osasun- eta segurtasun-berme guztiak mantenduz. Ordura arte eta une bakoitzean plaza libreen kopurua ezagutu ahal izateko, udalaren www.amorebieta-etxano.eus web orria bisita daiteke, 94 685 09 14 telefonora deitu edo instalazioetara hurbiltzeko aukera dago.

14.000 sarrera. Uztailaren 1ean ireki zenetik herritarrek erantzun oso positiboa izan dute eta dagoeneko 14.000 sarrera baino gehiago erregistratu dira udal instalazioetan.

Segurtasuna. Osasuna eta segurtasuna bermatzeko udalak funtzionamendu-protokolo zorrotza ezarri zuen hasieratik.

Edukiera. Plaza libreen kopurua ezagutzeko 94 685 09 14 telefonoa edo www.amorebieta-etxano.eus bisita daiteke.