- Kultura eta kultur ekitaldiak bultzatzeko ideiarekin, Durangoko Udalak eta Zugaza zinemak umeentzako euskarazko lau film eskainiko dituzte dohanik hurrengo astean hasita. Elkarlan honen bitartez, herriko kulturaren erakusleiho den Zugaza zinemari bultzada bat eman nahi dio tokiko administrazioak eta, nolabait, pandemiak eragindako kalteei aurre egiten lagunduko dio euskera sustatzen den einean. Lehenenko pelikula abuztuaren 24an izango da eguerdiko 12.00etan.

Izan ere, koronabirusak eragin zuen etenaldiak oraindik ere zinema aretoetako normaltasun berrian eraginak ditu. Durangoko Zugaza zinemaren kasuan pasadan urtearekin alderatuta aldaketak nabarmenak izan dira fakturazio, estrenaildi eta ikus-entzuleei dagokionez, baina Emilio Ferreras, 2004.urtetik Zugaza zineko arduradunak azaltzen duen moduan, "momentu honetan, egoera eutsiz jarraitzen dugu, estreinaldi interesgarri berriak noiz aterako diren zain. Adibidez, asko nabaritu dugu Santiago Seguraren azkeneko filmaren eragina eta ehun ikusletik mila ikuslera pasatu gara. Estreinaldi berriak heldu bitartean, Udalak proposatutako ekimen eta elkarlan hau positiboa da eta lagunduko digu".

Nahiz eta konfinamendu osteko hasiera, ekainean, oso motela izan, durangar zineko arduradunek argi zuten itzulera azkar bat nahi zutela. "Erritmoa hartu nahi genuen, egoera berrira egokitu eta horregatik ez genuen itxaron nahi. Lehenengo asteak eta hilabeteak ahulak izango zirela bagenekien, baina proba hauek egin nahi genituen eta etorkizunerako prestatu nahi genuen orain gertatu den bezala", argudiatzen du Ferrerasek.

Lau eta hamar urte bitarteko umeentzat zuzenduta eta gomendatuta dauden lau filmeak Luis eta Estralurtarrak abuztuaren 24, Oin handiaren semea 26an, Lur eta Amets, hilaren 31an, eta Mr Link, irailaren 2an izango dira. Guztiak eguerdiko 12.00etan proiektatuak. Ferrerasen iritziz "momentu honetan, zine komertzialaren impassa dugu eta eguerdiko ordutegi berezi hau aproposa da umeentzat arratsaldea libre daukatelako".

Txikienentzako sarrerak doan izango dira, baina aldez aurretik gonbidapen horiek zine-aretoan bertan jaso beharko dira. Segurtasun neurrien aldetik, zinemako arduradunak lasai daude. "Lehendik ere erreserba sistema aitzindari batekin lan egiten genuen eta orain programa horrek automatikoki eserlekuen arteko hutsuneak errespetatzen ditu. Unitate familiarra batera egongo da, baina ondoko eserlekuak libre egongo dira distantziak errespetatu eta osasuna babesteko". Bestalde eta udal arduradunen esanetan ekimen honen helburu Nagusia "Durangoko kultur eskaintza ezin hobeto isladatzen duen Zugaza zine-aretoari eta euskarazko filmeei bultzadatxo bat eskaintzea da. Izan ere, 1927an sortuz geroztik, aurten soilik itxi behar izan ditu bere ateak Durangoko areto historiko honek, konfinamenduaren ondorioz. Durangoren aurkako bonbardaketan ere ateak irekita mantendu zituen" .

kultura indartzea

Pandemiak eragindako kalteei aurre egin eta Durangoko hainbat sektore suspertzeko asmoarekin, Udalak hainbat diru-laguntza aurkeztuko dituela ere adierazi zuen. Zentzu horretan, indar berezia egin eta egingo du kulturgintza arloan. Besteak beste udazkenean martxan jarriko diren kultur bonoez eta sortzaileentzako 100.000 euroko diru-poltsaz gain, aurtengo udarako kultur programazio indartu da, ia zuzeneko 40 ikuskizun eskainiz eta Uda Kulturaz Blai programazio zabal bat eratuz.

"Beste sektore batzuk bezala, oso egoera prekarioan eta larrian dagoen sektore bat da kulturgin-tza, eta Udal honek oso argi dauka kulturarik gabeko herri bat ezin dela inondik inora berpiztu. Horregatik, beste sektoreei bideratutako laguntzez gain, kulturari bultzadatxoa eman nahi diogu", adierazi zuten udal ordezkariek.