Uda ezberdin eta arraro honek inguruko herrien historia eta istorioak ezagutzeko aukera paregabea eman du. Durangoren kasuan, Uda Kulturaz Blai programaren barne eta Arte eta Historia Museoak antolatutako bisita gidatuekin, hiribilduko aztarnategi arkeologikoan murgiltzeko aukera dago. Izan ere, 90. hamarkadatik gaur egunera arte Durangoko alde zaharrean 45 indusketa arkeologiko egin dira eta lan hauei esker udalerriko historia hobeto ezagu-tzen da. Besteak beste, XV.mendean Santanan kokatzen zen merkatu plaza, harresiaren aztarnak, Kalebarria kalearen kontraesanak, oihalgintza eta burdinaren garrantzia, 1937.urteko bonbardaketak edota Lariz Torre jauregiaren gertakariak eta aldaketak ezagutuko dira.

Imanol Tabera, historialari elorriotarraren eskutik, uztailean eta abuztuan zehar burutzen ari diren bisita gidatuak ia bi orduko luzeera du. Gaur, eguerdiko 12.00etan eta datorren abuztuaren 25ean izango dira azkenengoak eta Taberaren esanetan ez da ohiko bisita turistiko bat bezalakoa. “Bisita gidatu hauetan ez dugu monumenturik ikusiko, geltokiak fatxaden aurrean dira, arkeologikoki enblematikoa den etxeren baten aurrean, baina bisita honetan ikusten den monumentu bakarra Santana da. Hau horrela da bisita arkeologiko bat delako eta esan beharra dago Durango aztarnategi arkeologiko handia dela. 45 indusketa baino gehiago egin dira eta bertan atera diren emaitzak apartak dira eta batez ere gure historia eraikitzen laguntzen digutenak”.

Ibilbidearen hasiera eta amaiera Durangoko Museoa izanik testuingurua museoko lehenengo solairuan bertan ezagutzeko aukera dago. XV.mendeko Durangoko hiribildua birsortzen duen maketa ikusi eta aztertuta, aurkitu diren testu eta aztarnei esker badakigu Durangoko lehen aipamena. “1372an izan zen hiribilduko foruen baieztapen batekin, baina lehenago ere eta fundazio gutunik ez dagoen arren XII. mende amaieran, 1297. urtean, Diego López de Haro, Bizkaiko Jaunak, Durangori, Villanueva de Tabira izena eman zion”, azaltzen du.

Lehenengo azalpenak jasota, historian zehar egindako aztarnategi arkeologikoen berri izateko momentua izango da. Horrela, alde zaharreko hainbat puntu bisitatuko dira eta lehenengo geldiunea, Santanako arkuaren eta elizaren ingurua izango da. Bertan, Taberak bi indusketa garrantzitsuren berri emango du. Lehenengoa 1993an burutu zen, eliza zaharreko hilobi ezberdinak aurkituz, baina, dudarik gabe, indusketarik garrantzitsuena 2009an izan zen. Belén Bengoetxea arkeologo durangarrak, harresi zaharra aurkitzeko hipotesiarekin egindako lana burutu zuen eta hainbat indusketa egin ondoren, XII.mende amaierako, gutxi gora behera 1190 urtearen inguruko aztarnak aurkitu zituen.

“Indusketa horrekin, 1297 baino lehen hemen hiribildu bat zegoela frogatua geratzen da eta Durango existitzen zela baina agian arinago ere, 1100. urte inguruan, eta Kalebarria kalean aurkitutako aztarna arkeologikoei esker Tabirako hiribildu zaharra Kalebarria kalean egon zitekeela uste da”, dio Taberak.

INDUSKETA LANAK

2000 eta 2010 urteen inguruan egin ziren Durangoko indusketa gehienak eta 2015 urtera arte 45 indusketa baino gehiago egin dira. Hain zuzen ere, Belén Bengoetxeak egin ditu Durangoko aztarnategi arkeologiko gehienak, eta, bere lan bikainari esker, asko dakigu Durangoko historiari buruz.

Zentzu honetan, garaiko etxeak nolakoak ziren badakigu, 1554. urteko suteak eragindako suntsipena ere ezagutzen dugu eta hala nola Kalebarria kalean aurkitutako aztarnak XII. mendearen hasierakoak direla ere.

Erdi Arotik gaur egunera arte aldaketa ugari izan dira udalerriko kaleetan, baina indusketa arkeologiari esker eta bisita gidatu honekin, Durangoko historia ezagutzeko aukera dago, baita begi bistan jarraitzen duten beste hainbat aztarna ikusteko aukera ere izango da. Adibidez, Ezkurdin, Jai Alai frontoi zaharraren paretak zutik dirau eta bertan Gerra Zibileko metraila zuloak ikusten dira oraindik, 1936 urteko eta 1937ko erasoak eta bonbardaketak gogoratuko dira Durangoko historiako momenturik krudelenak oroituz.

Parte hartzea bilatzen duten bisita gidatu hauek, Uda Kulturaz Blai ekitaldien artean aurkitzen dira. Gaur, eguerdiko 12.00 etan euskeraz izango da eta datorren asteartean, abuztuaren 25ean, gaztelaniaz. Bisitak doakoak diren arren, aldez aurretik izen ematea beharrezkoa da mharrera@durango.eus helbidean edo 94 603 00 20 telefonoan.