https://www.deia.eus/tags/durango.html- Atzotik Durangaldeko Mankomunitatea europako Cycle Friendly Employer ziurtagiria lortu duen lehen lurraldea da. Proiektu horren helburua, bizikletaren erabilera bultzatea eta sustatzea da lankidetza publiko-pribatu batean oinarritutako estrategia jarraituz. Estrategia berri honetan eskualdeko 22 erakunde ezberdin gehiagok parte hartuko dute, hala nola udalak, enpresak eta ikastetxe batzuk, 2023. urtera arte luzatuko den ibilbide-orri bat jarraitu eta babesteko ideiarekin.

Durangaldea Estrategia: Lehenengo Cycle Friendly Employer Lurraldea izeneko proiektua aurkeztu zen atzo Iurretako Ibarretxe Kultur Etxean. Helburua, Mireia Elkoroiribe, Durangaldeko Mankomunitateko presidenteak adierazi zuen bezala, bizikletaren erabilera ohiko garraiobide gisa sustatzea izango da, Europa eta mundu mailako estrategia aitzindaria eta esperientzia bakar eta berri honi esker. “Europatik Durangaldera begira daude eta lasterketa luze honen irteera-lerroan gauden arren, bizikletaz mugitzea osasuna da, ongizatea da eta ingurumena da eta Durangaldeko Mankomunitatetik oso argi daukagu eskualde osasungarria eta jasangarria nahi dugula”, baieztatu zuen.

Horrela, Durangaldeak estrategia honetan oinarrituta, 2023 urtera arte luzatuko den ibilbide-orri bati aurre egingo dio, baina erronka honetan ez da bakarra izango. Izan ere, Mankomunitateko udalek (Abadiño, Atxondo, Durango, Elorrio, Garai, Iurreta, Izurtza, Mañaria, Zaldibar), Berrizko Udalak, eskualdeko zortzi enpresak eta lau ikastetxek lagunduko diote Mankomunitateari proiektu handi hau burutzen.

Guztien artean eta Bike Innovation Hub elkartearen laguntzarekin, 2023. urtea amaitu baino lehen, bizikletaren eguneroko erabileraren %0,6tik %5era pasatzea izango dute erronka nagusia. Zentzu horretan, Aitzol Fernández, Bike Innovation Hub-eko presidenteak azpimarratu zuenez, “proiektu hau aurrera ateratzeko garrantzitsuena dugu eta bizikleta erabiltzearen aldeko kultura dugula da. Bestalde, lan postuetara edo ikastetxeetara joateko 10 km baino gutxiagoko joan-etorriez hitz eginten ari gara eta hori eskualde honetan eman ahal da”.

Bizikletaren onurak ukaezinak dira, osasunean eta ingurumenean, baina baita errepideetako lan-istripuetan. “Ekintza desberdinekin eta inbertsio txikiekin hobekuntza eta transformazioa lortu ahal izango dugu txirrindularen erabileran”, esan zuen Fernándezek.