ERMUA. Koronabirusaren krisialdiak herriko establezimendu eta saltokietan eragin dituen kalte ekonomikoak gutxiagotzeko helburuarekin, Ermuko Udalak tokiko merkataritza sustatzeko ekimenak jarri ditu martxan.

Horrela, maiatzean zehar +10 bonuen kanpainak izandako arrakastaren ondoren, Udalak aurrekontu-partida handitu du bonu komertzialen tirada berri bat eskaintzeko. Oraingo honetan, txartel horiek dendetan zein tokiko ostalaritza-establezimenduetan ere erabili ahal izango dira.

Ekimen honen helburua gure udalerriko susperraldi ekonomikoa sendotzea eta Ermuko denda eta establezimenduetan erosketak indartzea da, beste udalerri edo merkataritza-guneetara joatea saihestuz. Era berean, ostalaritza sektore kaltetuari laguntza eskaintzen zaio, herritarrak Ermuko taberna eta jatetxeetan pintxo, bazkari eta afariez gozatzera bultzatuz. Kanpaina honetan eskuragarri izango diren bonuak bi multzo handitan banatzen dira.

MERKATARITZARAKO BONUAK

Dinamika +10 bonuen berdina da, hau da, kontsumitzaileek 20 euroren truke erosten dituzte bonuak eta Udalak beste 10 euro jartzen ditu 30 euroko erosketak egin ahal izateko. Pertsona bakoitzak gehienez 2 bonu erosi ahal izango ditu saltoki edo establezimendu bakoitzean. Bonua ez dago produktu-kategoria jakin batera bideratuta, eta, beraz, arraindegietan, harategietan, zapata-dendetan, arropa-dendetan, liburu-dendetan, lurrin-dendetan, ile-apaindegietan, estetika-zentroetan eta abarretan egin daitezke erosketak.

OSTALARITZARAKO BONUAK

Tiketak taberna eta jatetxeetan erabil daitezke, pertsona bakoitzak gehienez 2 bonu erosi ahal izango ditu, eta nahiz eta funtzionamendua merkataritzarako bonuen berdina izan, hainbat kostu daude establezimendu eta kontsumo motaren arabera:

  • 5 euroko bonuak: Udalak 2,5 euro gehituko ditu guztira 7,5 euro gastatu ahal izateko
  • 10 euroko bonuak: Udalak 5 euro jarriko ditu 15 euroko kontsumoak egin ahal izateko
  • 20 euroko bonuak: Udalak 10 euro emango ditu 30 euroko gastuak egin ahal izateko

Ermuko Merkatari eta Ostalarien Elkarteak (EMOE) dinamizatzen du kanpaina, eta herriko establezimendu guztiei irekita dago, EMOE elkarteko bazkide izan edo ez. Elkarteak kanpainarekin bat egin nahi duten denda, taberna eta jatetxe guztien artean banatuko ditu bonuak, eta, beraz, bezeroak lokalera bertara joan ahal izango dira zuzenean, txartelak hartu eta erosketak egitera.

Atxikitako establezimendu guztiek kartel bat erakutsiko dute beren erakusleiho edo sarreretan, kanpainan parte hartzen dutela jakinarazteko. Bonuak eskatzeko eta kanpainan parte hartzeko, idatzi mezu bat info@ermuacentrocomercial.com helbidera ekainaren 16a baino lehen. Edozein zalantza edo galdera izanez gero ere, helbide elektroniko horretara jo daiteke.

Aipatzekoa da EMOE erreferentzia-puntua dela, eta hainbat ekintza dinamizatzen dituela urte osoan zehar. Ekintza horiek oso eragin positiboa dute udalerriko merkataritzan eta ostalaritzan, bai eta tokiko garapen ekonomikoan ere.