ERMUA. Koronabirusak eragindako egoerak aisialdi-jarduera guztiak bertan behera uztera behartu egin zuen. Pixkanaka-pixkanaka, egoera normaltasunera itzuliko da, eta horregatik Ermua Antzokiak bertan behera utzi behar izan zituen ekitaldiak berrantolatzen hasi da.

Testuinguru horretan, Ermuko Udaleko Kultura Sailak jakinarazten du, osasun-agintariek edukiera murrizteko eta urruntzeko hartutako neurrien ondorioz, pandemiaren hasieran hartutako zenbait erabaki zuzendu behar izan direla, Ermua Antzokiko ikuskizunetara joan daitekeen ikuslegoaren segurtasun-baldintzak bermatu ahal izateko.

Alarma Estatuak eragindako lehen ekitaldia Dani Fernandezen kontzertua izan zen. Hasiera batean emanaldia ekainaren 26ra atzeratzea erabaki zen, baina egungo egoera ikusita, Ermuko Udalak eta artistak kontzertua 2021eko urtarrilaren 29an egitea adostu dute. Data berri horrek osasun-neurri guztiak betetzeko beharrari erantzuten dio, eta, horrela, ekitaldira joaten diren pertsona guztien ongizatea bermatzen da.

Orain arte erositako sarrerek egun berrirako balioko dute. Sarrera itzuli nahi dutenek 943 70 87 00 telefono zenbakira deitu beharko dute, astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 15:00etara bitartean.

Arizona Baby taldearen kontzertua eta Pez Limbo konpainiaren El patio de mi casa antzerki ikuskizuna ere bide beretik joan dira. Bi ikuskizunak 2021eko otsailaren 26ra eta apirilaren 30era atzeratu dira, hurrenez hurren. Leongo taldearen musika emanaldiaren kasuan, hasiera batean urtarrilaren 29ra atzeratu zen kontzertua, baina taldearen agenda tarteko, data berri bat bilatu behar izan dute.

ANTZERKI-EMANALDIAK, BERTAN BEHERA

Zoritxarrez, duela aste batzuk pandemiaren hasieran jakinarazitakoa gorabehera, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen Bizi dantza, La Nere aktorearen Dando el cante eta Artedrama konpainiaren Zaldi urdina ikuskizunak bertan behera utzi behar izan dituzte. Antzezlanak aurkezteko data berriak bilatzen saiatuko da Udala, baina dagoeneko erositako sarrerak ez lirateke baliagarriak izango balizko jarduera berrietarako. Sarreren itzulketa 943 70 87 00 telefono zenbakira deituta egin daiteke, astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 15:00etara bitartean.