ERMUA. Hurrengo astelehenean, martxoaren 9an, arratsaldeko 19:00etan, Ermuko Udalbatza udaletxeko bilkura aretoan batuko da ezohiko Osoko Bilkura saioa aurrera eramateko. Bileraren helburu nagusia 2020rako aurrekontua aurrera eramatea izango da. Bigarren deialdia ordu erdi beranduago ospatuko da, arratsaldeko 19:30ean.

Zortzi puntu jasotzen ditu Bilkurako gai-zerrendak; lehena, ohi bezala, zinegotziei egiten zaien gonbidapena izango da, eguneko gai-zerrendako edozein gairekin zerikusia duen edonolako interes zuzen eta garrantzitsu jakitera eman dezaten. Jarraian, aurreko bilerako akta onartuko da, 2020ko otsailaren 4koa, hain zuzen.

Hirugarren puntuan, apirilaren 5eko Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeak direla-eta, Ermuan eratu beharko diren hauteskunde-mahaietako kideen zozketa egingo da. Laugarrengoan, Korporazioaren zerbitzura dauden langileen lan-saria %2 igotzea onetsiko da.

Aurrekontuaren inguruko eztabaida bosgarren puntuan hasiko da, PPk aurkeztu dituen zuzenketen eskutik. Alderdi Popularrak hogei bat proposamen ekarri ditu Udalbatzara, baita osoko zuzenketa bat ere. Elkarrekin Ermuak aurkeztutako zuzenketa proposamenak ere aztertuko dira, eta azkenik, 2020ko Aurrekontua bozkatuko da.

Saioa amaitu aurretik, EH Bilduk Zaldibarko zabortegian jazotakoaren inguruan aurkeztu duen mozioa landuko da.

Hemen ikus daiteke Udalbatzan eztabaidatuko diren gai guztien zerrenda.

Osoko Bilkura zuzenean emitituko da, streaming bidez, 19:00etatik aurrera Udal webgunean (www.ermua.es) eta YouTubeko kanalean.