ERMUA. Ermuko Lobiano Kulturguneak Oscar Blanco argazkilariaren 'Ermua Antzokia 2019' izeneko erakusketa jasotzen du pasaden astelehenetik, hilak 17. Lanak 2019an antzokian egin ziren ekitaldien argazki-aukeraketa batzen du, protagonisten zein ikusleen irudiez osatutakoa. Erakusketa martxoaren 1era arte egongo da ikusgai, dohainik, arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara.

Seigarren urtea betetzen da jarraian, Oscar Blancok bokazioz eta zaletasunez Ermuko aretoan asteburu askotan egiten duen lanaren aukeraketa bat aurkezten diguna. Egilearen ustez, laburpen hau "oso garrantzitsua da: ostiraletan Ermua Antzokian paperean eta aurkezpen zainduarekin egiten dudan lana jendeari erakusteko aukera eskaintzen baitit. Ikuskizun edo emanaldi bakoitzari dagokion asteroko argazki bilduma horiek formatu digitalean eskaintzen ditugu 'Flickr' sare sozialean. Eta urtean behin euskarri fisikoan, paperean eta formatu handian. Erakusketa hau bisitatzen duten pertsonek, zuzenekoan bertan izan badira, berpiztu egin dezakete emanaldi hartan sentitu zutena; gainerako bisitariek, berriz, Ermuan kultur programazioaren bidez gozatu ahal izan dugun guztiaren berri jaso dezakete" erantsiz.

Guztira 21 argazki dira, autoreak berak aukeratuak, askotariko ikuskizunen argazkiekin, -musika emanaldiak, eszenikoak, dantza, eta abarrekin- argazkigintzaren oso zale honen erakusketa osatzen dutenak. Irudiotan, bertako artistak zein eszena nazionaleko izen eta pertsonaia mediatikoak aurki ditzakegu, plano artistikoan zein gizakiarenean ezagutzeko aukera dutenak, kamerinoaren argazkiaren bidez. Hori norberarendako altxorra da. Ermuarrak artistekiko tratua ona eta zuzena dela adierazi du: "Emanaldia hasi baino lehen, ia beti, inolako eragozpenik jartzen ez badute edo onartzen badute behintzat, argazkia ateratzen diet kamerinoan, eta, horrela, haien alde hurbilena ezagutu eta haiekin hitz egin dezaket".

Atal teknikoan, Blancok azpimarratu du ikuskizun ezberdinen zuzeneko eta zuzeneko argazkilaritza "nahiko konplikatua" izan ohi dela. "Kontzertuetan eta antzezlanetan argi gutxi izan ohi da, horri kanbioak eta mugimendu erantsi behar zaiolarik. Baina urte batzuk badaramatzat argazki mota hori egiten, eta pazientziaz eta praktikaz, erronka horri konponbide bilatuz noa".

Erakusketa egunero bisita daiteke 18:00etatik 20:00etara bitartean Lobiano Kulturguneko erakusketa aretoan, sarrera doakoa izanik. Bertan, ikusleek iaz Ermua Antzokian bizitako argazkiekin topo egingo dute; izan ere, denboraren azkartasuna dela eta, askotan ez gara erabat jabetzen bizitakoaz, azkar batean ahantziz. Edo, aitzitik, naturaltzat hartzen dugu ohiz kanpoko zerbait, gure udalerrian bertan lehen mailako eta orotariko ikuskizun anitzez gozatzen baitugu arrazoizko prezioetan. Erakusketa iragartzeko, kartelean 'Blas Cantó 'abeslariaren argazkia jarri da, zeinak udaberri honetan Eurovision jaialdian Espainia ordezkatuko duen.