ERMUA. Orain dela zortzi urte, 2012an, Ermuko Udalak herriko historia koloreztatzeko marrazkien bitartez birpasatzen zuen liburu bat argitaratu zuen. Izandako arrakasta kontuan hartuta, liburu hori berrargitaratzea erabaki du herriko Udaleko Kultura Sailak. Ekimen honi esker, herriko umeek herriko historia ikasi ahal izango dute ondo pasatzen duten bitartean.

Duela jada zortzi urte argitaratutako lehenengo edizioarekin alderatuta, bi lamina gehitu dira oraingoan, gure herriko emakumeen garrantzia azpimarratu eta euren lana goraipatzeko: batetik, eskubaloia eta Errotabarri emakumezkoen taldea islatzen dituen orrialde bat topatu dezakegu, eta, bestetik, Arantza Moreno eta Leire Gorritxategi xabalina jaurtitzaileei buruzko atal bat.

Guztira ilustrazioz betetako 22 orri ditu liburuak, norberaren gustura koloreztatu ahal izateko, eta bakoitzari azalpen testua gehitu zaio. Marrazkiak Marta Teran eibartarrak egin ditu, eta ilustrazioei lotutako testuak, aldiz, Estibalitz Gonzalezek landu ditu.

Marrazki horietan Ermuko historiako atal ezberdinak topatu ditzakegu, esaterako, pertsonaia historiko eta ezagunak - Ysabel Lobiano, Valdespina Markesa, Francisco Izagirre, Ezekiel Etxebarria, Igor Astarloa - edota herriko jai eta ospakizunak: Santixauak, San Martinak, Inauteriak edota San Blas.

Liburuaren amaieran azaltzen den moduan, argitalpen hau gure historiaren zati bat da. Margotuz eta gozatuz, gure herrian izandako hainbat pasadizo ezagutuko ditugu. Denak benetakoak, liburuetan agertutakoak edota gure nagusiek kontatutakoak: kirol eta jai girokoak, amodiozkoak, historiakoak€ denetik topatuko dugu bertan.

Argitalpenaren helburua etxeko txikienen artean herriaren historia transmititzea da, gurasoei bertako kontuak zabaltzeko deia egitea eta hori guztia errazteko material dibertigarri eta erabilgarria eskaintzea.

Liburuaren banaketa herriko ikastetxeen bitartez egingo da, eta nahi duen ororentzat eskuragarri egongo da, era berean, Ermuko Udaleko Euskara Zerbitzuan, Komentukua kalean, Abiapuntu bulegoaren ondoan. Lerro hauen ostean bertsio digitala uzten dizuegu, PDF formatuan, interesa duen orok bere marrazki gustukoenak inprimatzeko eta koloreztatzeko aukera izan dezan.