ERMUA. Olentzerok pasaden asteartean, abenduaren 24an gauean, Euskadiko etxeak opariz bete zituen. Hala eta guztiz ere, hor ez zen bere lana bukatu. Gaur arratsaldean, urtea amaitu baino ordu batzuk lehenago, Ermuko plaza nagusian egongo da bertaratzen diren guztiak agurtzeko. Bertan, urtero egin ohi den moduan, desfiletxo bat egin ondoren, sua emango diote datorren urtera arte agur esateko. Tradizio hau frankismoaren garaitik dator, eta urtero egiten da Ermun.

Euskal Herriko ikazkinik ezagunena urteko azken eguneko 18:00etan Ermuko plaza nagusian izango da. Ohiko legez, Txindurri dantza eta txistu taldearekin batera kalejira alaian abiatuko da eta herriko hiriguneko kaleetatik. Kalejira Orbe Kardinalaren plazan amaituko da, eta parte-hartzaile guztiek kantuak abestuko dizkiote bertan. Ekitaldia amaitzeko, ohiturari jarraiki, Olentzeroren irudiari su emango zaio.

Euskal Herriko herri gehienetan Olentzeroren etorrera abenduaren 24an ospatzen bada ere, Ermuan 31n egiten diote harrera. Horren arrazoia argitzeko frankismoaren sasoira joan beharra dago, Olentzero ospatzeko kalera taldean irten ahal izateko agiri eta baimen guztiak behar ziren garaira, hain zuzen ere. Urte batean, nahita edo nahigabe auskalo, baimenak ez ziren garaiz iritsi abenduaren 24rako, eta egun horretan ezin izan zen kalejirarik egin. Hala eta guztiz ere, ermuarrek ez zuten etsi eta baimenak eskuratu ahala, atzerapenez bazen ere, ekitaldia mantentzea erabaki zuten urteko azken egunean. Harrez geroztik, urtez urte, Olentzero abenduaren 31n ospatzen dute Ermuan.