BILBO. Melida Ostatuak Europako Etiketa Ekologikoa lortu du. Ekitaldia Donostiako Tabakalera Kultura Garaikidearen Zentroan izan zen. Melida Ostatuak eta beste zazpi enpresek Europar Batasuneko Ecolabel ziurtagiria jaso zuten Sonia Perez Eusko Jaurlaritzako Turismo sailburuaren eskutik.

Ecolabel Europako Etiketa Ekologikoaz gain, Melida Ostatuak Efizientzia Energetikoko Ziurtagiria, Kalitate Turistikoko SICTED Sistemaren diploma eta Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien (IKT) erabileran praktika onak bultzatzeagatik beste ziurtagiri bat eskuratu zituen.

Melida Ostatua Ecolabel Europako Etiketa Ekologikoa lortzen duen estatu osoko lehenengo establezimendua da bere kategorian. Europar Batasunak sortutako ziurtagiri ofizial honen helburua ingurumena errespetatzen duten produktu eta zerbitzuen komertzializazioa bultzatzea da.

Horretarako, ingurumenari egiten zaion eragina murrizteko konpromiso eta praktika multzoa barne duen ingurumen politikak ezarri ditu ostatuak. Horrela, neurri ezberdinak hartu dira energiaren, uraren eta oinarrizko elementuen kontsumoa murrizteko.

Gainera, hondakinak kudeatzeko sistema berezia ezarri da horiek murrizteko, birziklatzeko eta berrerabiltzeko. Ingurumenarentzat egokiagoak diren produktuak erostea lehenesten duen erosketa politika ere txertatu du ostatuak, batez ere, Ecolabel etiketa dutenei begira, hala nola, garbitzeko produktuak, txanpuak, gelak, papera, eta abar.

Era berean, Melida Ostatuan kontsumitzen den argindarra %100ean iturri berriztagarrietatik dator, Goiener kooperatiba sozialaren eskutik.