Bilboko Udalak ostegun honetan iragarri duenez, etxebizitzetako obra txikietarako laguntzen Renove 2022 Plana agortu den aurrekontuaren % 50era iritsi da. Zehazki, programak 800.000 euroko aurrekontua du, bi laguntza-ildotan banatuta: etxeetan eraberritze-lanak egitea eta 60 urtetik gorakoentzako edo desgaitasuna duten pertsonentzako irisgarritasuna hobetzea.

Aurreko edizioetan bezala, laguntza ekonomikoen ezohiko programa da, uri osoko etxebizitzetan obrak egitea sustatzen duena. Surbisak kudeatzen du, eta helburu hauek ditu: enplegua eta ekonomia suspertzea, etxebizitzetako konforta eta kalitatea hobetzea, eta gizarte-kohesioaren alde lan egitea. Ekimena Bilboko Udalaren #Bilbao 2022 Planaren barruan dago, eta COVID-19ak ekarritako ondorio sozioekonomikoei aurre egiteko ezohiko neurrietako bat da.

"Programa joan den urteko helburuaren ildo beretik doa, eta laguntza mota bi ditu, bateragarriak. Lehenengoak, etxebizitzetarako Renove Plana, birgaitze-lan txikiak egitea sustatzen du; dagoeneko 355 eskabide baino gehiago jaso ditu, eta aurrekontuaren 260.000 euro baino gehiago gastatu ditu. Bigarrena, Egokitu Plana, 60 urtetik gorakoentzat edo mugikortasun murriztua duten pertsonentzat da, beren etxebizitzetako irisgarritasuna hobetzeko", azaldu du Iván Calderón Hiri Berroneratzearen Saileko zinegotziak. "Egokitu lerrorako, 127 eskabide jaso ditugu, eta 130.000 euro banatu ditugu. Beraz, programak, orotara, aurrekontuan zituen 800.000 euroen erdia gastatu du jada", gaineratu du Calderónek.

Gaurko datara arte, Hiri Berroneratzearen Sailak 357 eskabide onartu ditu, eta, guztira, 390.000 euroko dirulaguntzak banatu ditu. Egindako obrek, bestalde, bi milioi eurotik gorako inbertsio pribatua ekarri dute. Izan ere, aurreko bi edizioetan, Renove Planak ia 12 milioi euroko inbertsioa bideratu zuen urian egindako etxe-berritzeetara.

Programa biek helburu bi dauzkate. Alde batetik, gizarte-kohesioa sustatzea; alegia, etxebizitzen jabeei dirulaguntzak ematea, Bilboko beren etxebizitzen barruan obrak egin ditzaten, horien kalitatea eta erosotasuna hobetzeko; energia-efizientzia ere hobetzeko eta, hala, energia-kontsumoa txikitzeko, eta edadetuen edo desgaitasunen bat dutenentzako etxebizitza irisgarriak lortzeko. Eta, beste alde batetik, eraberritzeen eta obren sektoreko enpresen, gremioen eta profesionalen ekonomia-jarduera sustatzea, sektore horretako enpleguari eustearren edo lanpostu berriak sortzearren, ahalik eta arinen, deslokalizazioa saihestuz, eta, aldi berean, materialen eta instalazioen industria-jarduera bultzatuz. Bi programa horiek bat datoz osasunarekin eta ongizatearekin lotutako garapen jasangarriaren helburuekin, eta hiriak integratzaileagoak, seguruagoak, erresilienteagoak eta iraunkorragoak izatea bilatzen dute, Bilbao Balioen Hiria agirian jasotako balore propioak diren neurrian.