Asteazken honetan Bilboko Udalak jakinarazi duenez, tranbia Zorrotzaurreraino luzatzeko akordioa lortu dute Garraio Sailarekin. Zehazki, trazadura berri horrek bost geltoki izango ditu, horietako bat Olabeagan, eta 2,4 kilometroko luzera. Gainera, tranbiak 100 metro inguruko luzera izango du eta Olabeagako kaiaren eta San Nikolas kalearen arteko bidegurutzearen ingurutik abiatuko da.

Lehen kalkuluen arabera, aurrekontuari eta epeari dagokienez, 40 milioi euroko inbertsioa egingo da, material mugikorra kontuan hartu barik, eta 40 hilabete beharko dira tranbiaren luzapen berria eraikitzeko eta martxan jartzeko.

Euskal Trenbide Sarea trenbide kudeatzailea une honetan idazten ari den informazio azterlanaren aurrerapena da. Lan horiek amaitu ostean, azterlana behin-behinean onartuko da, herritarrek, oro har, alegazioak aurkezteko jendaurreko informazioaren izapidearen zain. Modu berean, organo eskudunak ingurumenaren gaineko eraginaren adierazpena onartu beharko du. Behin betiko onartu ostean, hurrengo pausoa eraikuntza-proiektua idaztea izango da, proiektua gauzatu bitartean jarraitu beharreko jarraibide teknikoak definitzeko.

Eusko Jaurlaritzaren Bilboko egoitzan hedabideen aurrean egindako agerraldian, Arriolak eta Aburtok bi erakundeetako talde teknikoek elkarrekin egindako lana nabarmendu dute, bai eta tranbia luzatzeko lankidetzan jarraitzeko borondate politikoa ere, kasu honetan Zorrotzaurrera, Bilboko tranbia hainbat fasetan ezartzeko aukera eman duen antzeko finantzazio-hitzarmenaren bitartez.

Atxuri-Bolueta tartea 2022ko martxorako martxan jartzearekin batera, Bilboko tranbiak 8 kilometroko sarea izango du (orain 5,8 kilometro dira), eta Bolueta eta Casilla artean 16 geraleku egongo dira. Zorrotzaurrera luzatuta, tranbiak 21 geltoki eta 10,5 kilometroko luzera izango ditu.