#BILBAOGABONAK magiaz beteko du Bilbo 100 ekitaldirekin

25.11.2021 | 15:56
#BILBAOGABONAK magiaz beteko du Bilbo 100 ekitaldirekin

#BILBAOGABONAK bueltatu da Bilbo magiaz betetzeko 100 ekitaldi baino gehiagorekin bihartik urtarrilaren 5era arte. Zehazki, zazpi asteren zehar banatuko dira auzo guztietara heltzeko, eta gainera, dohakoak izango dira gehienak. Bilboko Udalak jakinarazi duenez, Bidebarrietako Liburutegian eta Bertendona institutuan egingo diren kontzertuak eta ZKZ '21 Topaketako ikuskizunak ikusteko ordaindu beharko da.

Gabonek egitarau irisgarria, arrazoizkoa, interesgarria eta askotarikoa behar dute, eta, horregatik, Gabonen espirituak hartuko ditu Bizkaiko hiriburuko auzoak, datozen asteetan arte eszenikoekin, musikarekin eta euskal folklorearekin gozatu ahal izateko —dagozkion segurtasun-neurri guztiak beteta—.

#BILBAOGABONAK programaren jarduera gehienak udaltegietan egingo dira; baina uriko beste txoko enblematiko batzuetan ere gozatu ahalko da egitarauaz (hala nola, elizetan eta plazetan).

TOKIKO TALENTUAREN ALDEKO APUSTUA

Beste behin, kultura-eragileei laguntzeko konpromisoa hartu du Udalak, eta, hala, #BILBAOGABONAKen «0 km» ekoizpenen eta gure inguru hurbileneko talentua aldarrikatzearen aldeko apustua egin du erakundeak, berriz ere.

Bilbo, bere proposamen sorta zabalari esker, aisia eta kulturaren erreferente eta bisitarien erakargune izango da Gabonetan, berriro ere. Ehun hitzordu baino gehiago programatu dira egun bakoitzerako, uri osoan zehar, datozen 7 asteetarako.

«#BILBAOGABONAK ekimenarekin, bete-betean sartuko gara Gabonetako programazioan, adin eta gustu guztietako ikusleentzako ekimenekin. Egitaraua mimo handiz diseinatu dugu, datozen asteak ilusioz eta entretenimenduz beteta egon daitezen. Eta halaxe egin dugu, gainera, hurbileko talentuaren eskutik. Badakigu hilabete gogorrak pasa ditugula, eta, aurten, Eguberriak "normaltzat" daukagun horretatik gertuago dauden arren, oraindik ere zuhurrak izan behar dugula. Gure aldetik, ikusleen eta kultura-eragileen segurtasuna eta osasuna zaintzeko konpromisoa erabatekoa da. Zuzeneko arteez, haurrentzako jarduerez, euskal literatura, musika eta folkloreaz gozatuko dugu; beti bezala, eta inoiz baino gehiago zainduz», azpimarratu du Gonzalo Olabarria Bilboko Udaleko Kultura eta Gobernantzako zinegotziak.

SEGURTASUN-NEURRIAK

#BILBAOGABONAKeko jardueretarako sarrera librea izango da, edukiera bete arte. Maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da, #BilbaoGabonakeko ekitaldi guztietan.

Pandemiaren hasieratik egin bezala, Bilboko Udalak haren bilakaeraren jarraipena egingo du eta programazio-protokoloak egokituz joango da, osasun-arduradunek unean-unean ezarritako neurri eta jarraibideen arabera.

noticias de deia