Aste honetan, Bilboko Udalak bat egin du Glasgowko 2021eko Klima Gailurraren Adierazpenarekin.

Dokumentuak hasieran eta bere 16 puntuetan zehar dioenez, Adierazpenak «mota eta tamaina askotako tokiko agintariak biltzen ditu —hiri txiki eta ertainak, mega-hiri, barruti eta eskualdeak, estatu federalak eta probintziak, esaterako—, denak ahots bakarrarekin mintza daitezen eta berritu ditzaten elikadura jasangarriko politikak garatzeko, ekintza bateratuko mekanismoak sustatzeko eta gobernu nazionalei elikadura eta nekazaritza larrialdi klimatikoaren erantzun globalaren erdigunean jar dezatela eskatzeko beren konpromisoa».

Oihane Agirregoitia Herritarren Arreta eta Partaidetza eta Nazioarteko Gaietako zinegotziak Adierazpenaren aurkezpen ofizialean parte hartu zuen, telematikoki, azaroaren 6an (joan den zapatua).

Gailurra urriaren 31n hasi zen, eta gaur amaituko da (azaroak 12). Ia bi asteko tarte horretan zehar, 197 herrialdetako ordezkariak bildu dira Glasgown, eta klima-aldaketaren alorreko zenbait profesional eta aktibista ere bai. Erronka: tenperatura globalaren igoera geldiaraztea eta planeta osatzeko bide jasangarria ezartzea.

BILBON AURRERA ERAMANDAKO BESTE EKINTZA BATZUK, COP26-AREN TESTUINGURUAN

Adierazpen ofizialarekin bat egiteaz gain, Bilboko Udalak zenbait ekintza garatu ditu 2021ean zehar, Klimaren Gailurraren testuinguruan.

  • GPM Global Parlament of Mayors-ek COP26aren testuinguruan antolatutako maila askotako kanpainarekin bat egitea: “Climate Change, Cities and Forced Migration: Advancing Knowledge, Action and Collaboration”. Ekintzarako deia izateaz gain, agerian jartzen du azken hamarkadan zehar, urtean 21,5 milioi pertsona inguruk, batez bestean, utzi behar izan dutela beren bizilekua, klimari lotutako arrazoiak direla eta. Gainera, aurreratzen du 2050erako, 200 milioi pertsonak baino gehiagok alde egin beharko dutela bizilekutik, klima-aldaketak behartuta. Eta nabarmentzen du alkateek, duten kargutik, aukera «hobeezina» dutela klimak eragindako lekualdatzeei lotutako erronkei heltzeko, klima-aldaketaren inpakturako prestatzeko, egoerara egokitzeko neurri zehatzak hartzeko, eta beren pareko nazionalekin eta eskualdeetakoekin lan egiteko.
  • SmartCitiesWorld nazioarteko plataformak sustatutako SmartCitesWorld Open Letter to COP26 Leaders kanpainarekin bat egitea. 10 printzipio babesten ditu kanpaina horrek: hiritar guztiak barne hartzea, dibertsitatea, erresilientzia, ongizatea, berdeguneak, estatu osoan laguntza ematea, hiritarrek azpiegiturak modu egokian erabiltzeko aukera izatea, pentsamendu sistemikoa —sistemaren sinergiak eta ekonomia zirkularraren printzipioak baliatzeko gaitasuna barne—, teknologia digitala eta garraio osasuntsua. Gainera, plataforma horrek Juan Mari Aburto alkatea elkarrizketatu zuen, Bilbon klima-aldaketari aurre egiteko garatutako ekintzei buruz: How climate action and wellbeing go hand-in-hand in Bilbao.
  • Bilbok parte hartu du, alor teknikoan, CGLUk COP26aren barruan antolatutako Kontseilu Politikoan. Gaia: «hiri seguruagoak, erresilienteagoak eta jasangarriagoak, krisiari aurre egiteko gai direnak».

Honako ekintza hauek ere nabarmendu daitezke: Udalak eta Metro Bilbaok klima-aldaketari buruz antolatutako argazki-erakusketa; Bilbao Convention Bureauk Glasgow Declaration Climate Action in Tourism adierazpena sinatu izana, eta SUM21 Kongresuaren Bilboko Adierazpena.