Doako bisita gidatuak Bilboko Udaletxera bueltatuko dira datorren astelehenean. Interesatuek astelehenetik ostiralera erreserba egin ahal izango dute eraikina ezagutzeko bi ordutegi desberdinetan. Bilboko Udalak jakinarazi duenez, ekitaldi hauek paralizatu ziren 2020ko martxoan Covid-19aren pandemiagatik.

Hartara, Arabiar Aretoa, Udalbatzar Aretoa, eskalinata inperial handia eta Joaquín Rucoba arkitektoak XIX. mendearen amaieran diseinatutako Udal Jauregiko ondare historiko eta artistiko zabalaren gainerako osagaiak ezagutu nahi dituzten guztiek erreserba egin dezakete dagoeneko www.bilbao.eus udal webguneko “Ezagutu Udaletxea” atalean dagoen inprimakiaren bitartez. Hitzordua girpa@bilbao.eus posta elektronikoan nahiz 944204810 telefonoan ere eska dezakete.

Bilboko Udaletxea ezagutzeko doako bisita gidatuak astelehenetik ostiralera egingo dira, 09:00etan eta 10:00etan, euskaraz zein gaztelaniaz. Bisita bakoitzean gehienez 20 pertsonak parte hartu ahal izango dute, eta maskara erabili beharko dute Udaletxearen barruan dauden bitartean.

UDALETXEA EZAGUTZEKO BISITA GIDATUEN PROGRAMA

Pandemiaren aurretik, Bilboko Udalak doako 300 bisita gidatu inguru eskaintzen zituen urtero herritar guztiei zuzenduta. Horrela, 2019an, 345 bisita eskaini eta horietatik 159 egin ziren, guztira, 3.551 pertsonak parte hartu zutelarik. Era berean, 2020ko lehen hilabeteetan, 90 bisita eskaini baina 41 baino ez ziren egin, 972 pertsona erakarriz.

Programa etenda geratu zen 2020ko martxoaren erdialdean, Covid-19ari aurre egiteko ezarritako osasun-alertaren eta konfinamendu sozialaren ondorioz. Hemeretzi hilabete geroago, Bilboko Udalak abian jarri ditu berriro ere Udaletxerako bisita gidatuak, eta beti bezala, astelehenetik ostiralera egingo dira, goizez, salbu eta Udalbatzarra dagoen egunetan eta Eguberrietako, Aste Santuko nahiz abuztuko oporraldietan.

IKUSTALDI BIRTUALAK WEBGUNEAREN BITARTEZ

Horrez gain, 2017ko apirilean, Joaquín Rucobak diseinatutako eraikin historikoaren inaugurazioaren 125. urteurrenaren harira, oso-osorik eguneratu eta eraberritu zen www.bilbao.eus udal webguneko “Ezagutu Udaletxea” atala. Harez geroztik, Googleren Street View teknologiaz garatutako ikustaldi birtuala egiteko aukera eskaintzen du Udal Jauregiko zokondo nagusiak ezagutzeko, hala nola, Arabiar Aretoa, Udalbatzar Aretoa, Prentsa Aretoa, Alkatetza eremuko gelak, edota 2015an inauguratutako Alkateen Galerian ikusgai dauden XIX. mendearen amaieraz geroko hogei bat alkateren erretratuak nahiz Udalaren atzinako beste osagai batzuk: alkateen erregistro-liburu zaharra eta San Anton elizaren ondoko Plaza Zaharrean kokatutako antzinako Udaletxearen teilatu-hegalari eusten zion haritzezko modiloi bat, kasu.

“Ezagutu Udaletxea” atal berean, “Bilboko Udaletxea” argitalpen turistikoaren bertsio eguneratu eskura daiteke (irakurketa errazeko formatuan ere eskuragarri), baita “Bilbao. Historia apur bat” komikia eta Udaletxea ezagutzeko bisita gidatuen programaren “Zerbitzuen agiria” ere, Bilboko Udalaren irudi historikoekin eta Bilbopedia Bilbori buruzko sareko entziklopediarako sarbidearekin batera.